Kale mozketak eta trafiko desbideratzeak ekarriko dituzte Aperribaiko igogailu berriaren lanek
Azpiegiturak
BINKE / 2022ko uztaila
Kale mozketak eta trafiko desbideratzeak ekarriko dituzte Aperribaiko igogailu berriaren lanek
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Google Maps
Gaur eta bihar kale mozketak, aparkatzeko debekuak eta trafiko desbideratzeak izango dira Aperribai, Olabarrieta eta Txistulanda inguruetan, Aperribaiko igogailu berriaren eraikuntzarako «elementu berezi eta astunak» jarri behar direlakoan.
Igogailu berria eraikitzen ari da Galdakaoko Udala Aperribai auzoan, eta horren eraikuntzan eman beharreko hurrengo pausoak emateko «elementu berezi eta astunak» jarri behar direla ohartarazi du erakundeak. Ondorioz, datorren astelehen eta martitzenean —uztailak 18 eta 19— kale mozketak, aparkatzeko debekuak eta trafiko desbideratze batzuk sufritu beharko ditu auzo galdakoztarrak.
Hauek dira, hitzez hitz, Udalak jakinarazi dituen oharrak, eta «kalte hauen zergatia ulertuko dutelakoan», herritarrei eskerrak eman dizkie:
- Olabarrietatik Aperribairako kalea itxita egongo da Olabarrieta 5. zenbakiaren aurrean. Hortaz, ibilgailuentzako sarrera desbideratu egingo da Bengoetxeko biribilgunera arte, Aperribai Bidetik edo frontotik.
- N-634 errepidetik Olabarrieta eta Txistulandarako sarrera moztu egingo da autobus geltoki ondotik. Auzo horietara sartzeko Bengoetxetik eta Aperribai Bidetik egin beharko dute bizilagunek.
- Aperribaitik N-634 errepiderako bidea moztu egingo da anbulatorio ondotik, eta Aperribairako bidea ere moztuko da. Hori dela eta, ibilgailuak desbideratu egingo dira N-634 errepidean, Aperribai 1. zenbakian dagoen biribilgunera arte.
- Bestetik, ezingo da aparkatu material astun eta handi horiek sartzeko erabiliko den inguru guztian. Aparkatzeko debekua inguru osora hedatuko da, obrako seinaleek zehaztu moduan. Oinezkoen joan-etorriak baimenduta egingo dira, beti ere obrako seinalisten irizpideei jarraituta.