Karmele Gorroño: «Ez dut argi inspirazioa benetan existitzen denik»
Karmele Gorroño, ilustratzailea
BINKE / 2021eko azaroa
«Askatasun osoz lan egiteko aukera eman digute argitaletxeak eta Sarrionandiak»
Karmele Gorroño Idirin
1987, Galdakao
Arte Ederretan lizentziatua da Karmele Gorroño galdakoztarra, 2016tik ilustratzailea ogibidez eta Irrimarra taldeko sortzaile. Goxotasunez nabarmentzen ditu Irrimarrarekin egindako hiru lan: «Altzoko handiaren bilduma», «Kuoi» eta «Badauzkat nire zulotxoan». Baina gainera, Joseba Sarrionandiaren azken lana, «Tristura», irudiz jantzi du eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsek argitaratutako lan berria kolore ederrez hornitu ere, lehenengoz.
ARGAZKIAK: Jabi Rojo
TESTUA: Jon Gomez Garai
Presentzialki agian ez dugu hilabeteko protagonista bera ikusten, baina bere arima inguratzen gaituzten koloretako irudi askotan dago islatuta, bera baita Irrimarra ilustratzaile taldeko sortzaile eta bai Sormene jaialdiko zein beste hamaika idatzitako irudien egilea. Oraintsu aurkeztu berri du Joseba Sarrionandiarekin batera argitaratu duen liburu berria; eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken lanerako irudiak amaitu berri harrapatu dugu bere kolorezko munduan, Zabaleako tailerrean.
Edonork ezin du esan Joseba Sarrionandiarekin lan egin duenik! Ez dakit ba! (irribarretsu) Haurrei zuzenduriko Album ilustratu bat egin dugu eta Ikaselkarren Kuku! emozio programaren barnean dago. «Tristura» da Josebarekin batera egin dugun lanaren titulua. Eta izenak esaten duen bezala, haurrekin tristura lantzeko sorturiko liburua da. Sarrionandiak hitzak jarri ditu eta guk berriz, irudiak.
Zelan izan duzu ba, berarekin lan egiteko aukera? Argitaletxeak proposatu zigun proiektua, eta guk pozik jaso proposamena!
Liburuaren aurkezpenean berarekin batera izan zinen, zelakoa iruditu zaizu Sarri? Oso jatorra. Oso gustura aritu gara lanean, bai argitaletxearen zein bere aldetik askatasun osoz lan egiteko aukera eman digutelako eta konfiantza hori asko eskertzen da, gauza berriak probatu ahal izateko.
Pasa berri den Sormeneren irudia ere zuek egindakoa da, ezta? Bai, aurten ere guk egin dugu kartela, persona ezberdinak irudikatu nahi izan ditugu disziplina artisiko ezberdinei erreferentzia eginez, eta batez ere transimizioa azpimarratuz.
Pluralean ari zara une oro, Irrimarra ez delako bakarrik Karmele Gorroño… Ez, Irrimarra Irene Iruretak eta biok osatzen dugu. Irene zumaiarra da, neska jator, langile eta zintzoa! (barreka) Urte asko daramatzagu elkarrekin marrazten eta, egia esan, oso ondo moldatzen gara. Ideia bat irudikatzeko orduan batak ondo jakiten du besteak buruan ze irudi imajinatzen duen, eta hori ezinbestekoa da bi buruk irudi bakarra sortzeko.
Zelan ezagutu zenuen Irene eta zelan okurritu zitzaizuen Irrimarra sortzea? Unibertsitatean ezagutu genuen elkar. Bertan hasi ginen batera marrazten, hasieran joko bezala hasi ginen baina beranduago, klaseko lanak ere batera egiten genituen. Karrera bukatu ondoren ere, noizbehinka elkartzen ginen elkarrekin proiektutxoak egiteko, azkenean Irrimarra sortzea erabaki genuen arte.
Eta orain horixe duzue ogibide. Imajinatzen zenuen marrazteaz bizi ahalko zinenik? Ba egia esan inoiz ez dut argi izan zein ogibide izan nahi nuen…
Arteaz bizi daitekeela erakutsi duzun arte, zenbat aldiz entzun behar izan duzu honetaz bizitzea «ezinezkoa» dela? Tira, berez entzun, gutxitan. Ez da ohikoa jendeak ezinezkoa dela esatea. Baina aldi berean, harritu egiten dira horretaz bizi zarela jakitean. Dena den, onartu beharra dut ez dela batere erraza ilustrazioaz bizitzea…
Lehen esan duzu «bi buruk irudi bakarra» marrazten duzuela. Ezohikoa da zuen jarduna ba! Bai, ez da ohikoa lan artistikoetan jardun kolektiboak ikustea; artista edo marrazkilariaren irudia oso indibidualizatua dago. Zorionez, gero eta jende gehiago animatzen da taldean sortzera. Eta gu ere horrela ari gara. Irudiak elkarrekin egiten ditugu.
Zein da zuen lan-erritmoa? Ufa! Ba, oso aldakorra! Normalean proiektuka egiten dugu lan, batzuetan hilabete berean lan mordoa pilatzen zaigu eta bestetan ezer ez. Beraz, lan erritmo oso ezberdina izaten dugu. Dena den, saiatzen gara lan konstantzia bat mantentzen eta lan gutxi dugun denboraldietan proiektu pertsonalei heltzen.
Zelako materialak erabiltzen dituzue zuen irudietarako? Normalean paperean «gouache» edo tenperarekin aritzen gara. Beste proiektuetarako, horma-irudiak, koadroak… euskarrietara moldatzen gara.
Zeri marrazten diozue bereziki? Nik esango nuke giza figurak gure irudietan presentzia nabaria duela. Zuk erabakitzen duzu zein gorputz duen, zein aho, zein begi, zein izaera… Jolas antzeko bat da, baina azken finean buruan dituzun pertsonaiak sortzen dituzu. Oso ondo pasatzen dugu sortutako pertsonaien atzean ze istorio ezkutatzen den asmatzera jolasten! (barreka)
Gaia dena delakoa ere, zuen irudiek beti dute estilo bera. Zelan, edo zeren arabera, adostu zenuten hori? Uste dut estiloa ez dela adosten den zerbait. Denborarekin moldatzen joaten da. Jasotzen ditugun irudi ezberdinek, norberaren testuinguruak, buruan ditugun ideiek… denek dute eragina norberaren estiloan eta aldi berean estilo kolektibo batean.
Binketxoren denbora-pasak zuek egiten dituzue hilero. Sormen lan bikoitza izango da hori! Batzutan zaila da, bai. Saiatzen gara gehiegi ez errepikatzen eta jolas berriak sortzen baina beti ez da erraza izaten. Dena den gustatzen zaigu denbora-pasak sortzea, ez delako normalean egiten dugun zerbait.
Aldizkari, liburu, kartel eta, oro har, papererako bakarrik egiten duzue lan? Ez. Egia da batez ere ilustrazioan aritzen garela, baina margoak eta hormairudiak ere egiten ditugu, esaterako. Orokorrean irudiak sortzen ditugu.
Zein izan da jaso duzuen enkargurik arraroena? Buruhandi bat egitea.
Eta handiena? Zaila egiten zait aukeratzea, oso lan ezberdinak egiten ditugulako, eta bakoitzetik zerbait ezberdina jasotzen dugu.
Horma-irudi handiak egiteko adibidez, Irene eta biok bakarrik aritzen zarete ala kontratatzen duzue laguntzailerik? Ez, orain arte biok bakarrik lan egiten dugu. Hala ere, askotan lagunartean izate dugu laguntzaileren bat.
Zer egiten duzu inspirazio barik zabiltzanean? Ai ene! Inspirazioaren kontua… (barreka) Ez dut oso argi existitzen denik ere! Ez dakit… Uste dut lanbide guztietan ditugula egun on eta txarrak. Baina askotan ahaztu egiten zaigula sormenezko ogibideen atzean lan handia dagoela, ez dela soilik ispirazio kontua. Lanean jarri beharra dago, hortik zer aterako den jakin gabe. Argi dagoena da, sortzen jarri gabe ez duzula ezer berririk sortuko.
Zein enkargu ez zenukete inoiz onartuko? Nik pertsonalki, etikoki edo moralki txarto ikusten dudana.
Eta zein zaudete jasotzeko irrikitan? Pilo bat! Eszneografian aritzea gustatuko litzaidake, adibidez! •