Mena eta Artetxe: «Hogeita hamar urte baino gehiagoan egin ez dena, hiru urtetan egin da»
Monika Mena eta Joseba Artetxe, Usansoloren segregazioan arituak
BINKE / 2022ko abendua
«Usansolo udalerri izateko benetako aukerak aztertzen 1987an hasi ginen»
- Joseba Artetxe Gonzalez
1960, Usansolo
Usansoloko segregazio prozesuan lehenengo kideetariko bat izan zen Artetxe, berak jarri baitzuen lehenengoz mahai gainean Usansolo udalerri izateko aukera 1987an. Ogibidez Bilboko tranbiako gidari izan da, aurre-erretiroa hartu duen arte.
- Monika Mena Castañares
1980, Usansolo
Politologoa, soziologoa eta politika publikoen ebaluatzaile eta ikertzailea da Mena. Nerabezarotik Usansoloren segregazioaren alde dabil borrokan, eta Usansolo Herriako sortzaileetariko bat da, baita honen bozeramaile ere.
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Julio Legarretaetxebarria
Azaroaren 23an historia egin zuen Bizkaiak, udalerri berri bat sortu baitzen bere lurraldean: Usansolo. Galdakaoko Udalean egindako lanaren aurretik eta gainetik, usansolotarren nahiari eta hogeita hamar urtetik gorako borrokari esker lortu da Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izatea. Bide horren inguruan eta datozen pausoen inguruan berba egiteko batu da Binke segregazio prozesuko bi kide historikorekin: Joseba Artetxe lehenengoetariko usansolotarra izan zen segregazioa proposatzen, eta Monika Mena Usansolo Herriako egungo bozeramailea da.
Noiztik dator Usansolo herri denaren sentimendua? Joseba Artetxe (JA): Betidanik. Gainera joera gehiago izan dogu askok eta askok Arratia aldera egiteko Galdakaora baino. Monika Mena (MM): Jaiotzetik. Guri etxean beti transmititu digute usansolotar sentimendua. Eta inoiz ez dugu esan «herrira goazela» Galdakaora goazela esateko. JA: Eta era berean ez diozu entzungo usansolotar bati bere burua galdakoztar moduan aurkezten…
Noiz ikusi zenuten lehenengoz Usansolo udalerri izateko aukera? JA: Egunkari batean, 1987an, Bizkaiko Foru Aldundiak legea aldatu eta udalerri berriak sortzeko aukerari ateak zabalik utzi zizkiola irakurri genuenean. Hiru baldintza bete behar genituela jartzen zuen: segregatu gura duen auzoak geografikoki bereizita egotea, alde bientzako kalterik ez egotea zerbitzuetan eta ekonomikoki bideragarriak izatea. Guk hiru baldintzak betetzen genituela komentatzen hasi ginen orduan, eta Usansolo udalerri izateko benetako aukerak aztertzen.
Eta orduan sortu zenuten Usansolo Herria plataforma? JA: Ez, lehenengo herritar batzuk antolatzen hasi ginen, ostean Bizkaiko Foru Aldundiaren bitartekaritzarekin kudeaketa-batzorde bat osatu zuten eta hirugarren fase batean sortu zen Usansolo Herria (UH). Ni lehenengo fase hartan izan nintzen beste hainbat kiderekin batera, eta Monika hirugarren eta azken fasean sartu zen, UH sortzearekin batera.
Plataforma sortu izanak politikoki batu ala banatu egin ditu herritarrak ohiko alderdietatik? MM: Batu, zalantza barik, Usansolo Herriak ohiko alderdietatik kanpo dagoen estalpe bat eskaintzen duelako, inongo ideologia politikorik ez duena: ez ezker ez eskuin, UHren helburu eta misio bakarra Usansoloren desanexioa izan da eta izango da beti. Bertan oso kolore desberdinetako herritarrak gaude eta horregatik adostu genuen guztiak babestuko zituen manifestu bat, desanexioa delako gu denok batzen gaituena. Eta behin hori lortuta, UH desagertu egingo da.
Bide horretan, Udalean bi zinegotzi izanda ere, UH inoiz ez da sartu Galdakaoko erabaki politikoetan eta abstentziora jo izan du gehinetan udalbatzarretan… EH Bilduri babesa eman eta Galdakaoko Udal Gobernuan sartu den arte. Zergatik norabide aldaketa hori? MM: Azken udal-hauteskundeen ostean UHk proposamen bi jaso zituen bere bi zinegotzien botoak jasotzeko: bata EAJren eskutik etorri zen eta bestea EH Bilduren eskutik. Orduan negoziaketa batean sartu ginen eta Usansoloren segregaziorako eskaintzarik onena aukeratu genuen. Bistakoa da aukeraketa ona egin genuela! (irribarretsu)
Erabaki hori zelan hartu dute usansolotarrek? JA: Nik esango nuke ondo hartu dugula gehiengoak. Kanpotik ikusten zen hori zela logikoena, EAJren aldetik ibilbide luze honetan ikusitako oztopo guztiek baino gehiago egingo zuelako beste edozein alderdik. MM: Erabakirik onena izan da. Hogeita hamar urte baino gehiagoan egin ez dena, hiru urtetan egin da.
UH Galdakaoko Udal Gobernuan sartzea izan da beraz segregazioa ahalbidetu duena? MM: Bai, noski, gaur egun Galdakaoko Udal Gobernuan dauden alderdi guztiei esker ez balitz, ez ginateke hau ospatzen egongo. Asko diegu usansolotarrok Galdakaoko alkate eta alderdiei eskertzeko. Hala ere, EAJk kontra ez egitea ere izan da giltza. Herritarren presioari esker ez dute beste irtenbiderik ikusi, eta ez dute prozesua oztopatu.
Hogeita hamar urtetik gorako borroka honetan, aldatu al da herritarrek Usansolo udalerri izateko ikusten duten beharra? MM: Ez dut uste aldatu denik. Usansolotarrok beti izan ditugu zerbitzu falta itzelak Galdakaotik. Beste erakunde batzuek ere auzo bezala tratatu gaituzte, eta beraz ez dituzte gure beharrizanak asetu. Beraz, nortasunarekin batera horrek ere pisu handia izan du jendeak Usansolo udalerri izateko ikusten duen beharrean. JA: Nik bai uste dut errealitate ikuskera pixka bat aldatu izan denik, hasieran amets baten moduan ikusten zuelako jendeak udalerri izateko aukera… Herrikide askok esaten ziguten «ezinezkoa» zela, «utopia» batean bizi ginela… Ametsak egia bilakatu daitezkela erakutsi dugu.
Zergatik merezi zuen Usansolok udalerri izatea? MM: Gure eskubidea delako, foru arauak horretarako aukera eskaintzen digulako eta 2014ko zein aurtengo galdeketetan herritarrek argi utzi dutelako, besteak beste. JA: Galdeketa horiek izan dira nagusienak, baina hamaika sinadura bilketa egin dira 1988an egin genuen lehenengo sinadura bilketa masibotik hasita.
Bizkaiko Batzar Nagusietan, Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izatea onartu zuten egunean, egin zenuten lorik? MM: Nik aurreko gauean gutxiago, lokartu eta Gernikara iritsiko ez nintzen beldurrez pasa nuen gau osoa! JA: Emozio eta ilusioz beteta oheratu nintzen, baina lo beti ondo, erretiroa hartu dudanetik hobeto! (barreka biak)
Batzar Nagusietan PSE-EE alderdiko kideak izan ziren Usansolo segregatzearen aurka bozkatu zuten bakarrak. Zergatik? MM: Ez dut beraien logika ulertzen. Espainiako Konstituzioak eta estatutuek eskumena ematen dizutenean zure foru araua sortu eta aplikatzeko, eta guretzako foru arau bat egin duzunean (2014an)… Zer zentzu du zure Konstituzio eta foru arauen aurka egiteak?
Arrazoi ekonomikoak egon daitezke tartean, akaso? MM: Ba Andaluzian azken urteetan —2018an gehienak— bi mila biztanlera iristen ez diren zortzi udalerri berri sortu dira, gehienak PSOEk agintzen duen udalekin.
Ez al ziren ba, Espainiaren arabera, 5.000 biztanle behar udalerri berri bat sortzeko? MM: Eta hala ere, Andaluzian zortzi udalerri berri sortzea ahalbidetu du Bizkaian aurka bozkatzen duen alderdiak. Ulergaitza, are gehiago Andaluzian duten arau bakarra Espaniako araua denean… JA: Alderdiak herritarren onerako izan beharko luketen legeak sortu eta aplikatzeko daude, ez interesatzen zaienean kasu egiteko eta interesatzen ez zaienean, ez.
Espainiako Abokatutzak Bizkaiak hartutako erabakiari errekurtsoa jarriko diola uste duzue? MM: Horren aurrean, UHko kideen artean iritzi desberdinak ditugu. Baina nik pertsonalki ez dut uste estatua horretan sartuko denik, denbora atzeratzea eta baliabideak xahutzea izango delako prozesu horrekin hastea. Errekurtso horren aurrean alderdiek helegiteak jar ditzakete, eta horrek hiruzpalau urteko prozesua ekarriko luke, sententzia kaleratu arte. Ordurako Usansolok 5.000 biztanle izango lituzke, eta beraz, Espainiako araua ere beteko genuke. Niri, egia esan, udalerrien erregistroak ematen dit beldur handiagoa —Binkek argitaratutako bideoan azaldu nituen hurrengo pausoak eta agertoki posibleak—.
Zein izango da Usansoloko udaletxea? JA: Oraindik ez dakigu. MM: Proposamen desberdinak jasotzen ari gara, eraikin berria eraiki eta Usansoloko udaletxea sortzeko. Aukeran, herriaren erdigunean egotea gustatuko litzaiguke, baina oraindik ez dago ezer erabakita.
Eta noiz eratuko da Udala? MM: Aipatutako bideoan azaltzen dudan moduan, Bizkaiko Foru Aldundiak lehenago kudeaketa-batzorde berria sortu behar du, azken udal-hauteskundeetan usansolotarrek bozkatutako emaitzen arabera zortzi UHkoak izanik, bi EAJkoak eta bakarra EH Bildukoa. Hamaika zinegotzi, udalen legeak Usansolok dituen biztanle kopuruari 11 zinegotzi dagozkiola dioelako.
Batzorde horrek Udalaren funtzioak beteko ditu? MM: Hori da, bai. Baina apurka-apurka hasiko da lanean. Ez zaio batzorde horri udalerri izateko dirulaguntza guztia emango eta hutsetik ehunera bapatean martxan jarriko. Pixkanaka joango da gero eta ardura gehiago hartzen: udaletxea sortzen, langileak kontratatzen… guztia legearen arabera neurtuta eta Aldundiaren behaketarekin.
Eta nor izango da Usansoloko lehenengo alkatea? MM: Hori kudeaketa-batzorde horrek erabakiko du, lehenengo batzordeko presidentea nor izango den erabakita eta, dena ondo bidean, gero Usansoloko alkate bihurtuta.
Datozen maiatzeko udal-hauteskundeak prestatu beharko dituzue beraz! MM: Aipatzen ari garen batzordeak —ahalik eta lasterren eratu behar denak— datozen udal-hauteskundeak iritsi arte egon beharko luke lanean, baina hauteskundeetara Usansolon ordezkaritza duten alderdiek euren hautagaiak aurkeztu beharko dituzte, bai.
Eta hauteskunde horietara Usansolo Herria aurkeztuko da? MM: Ez, aurretik esan dudan moduan, UH jaio zen desanexioarekin batera desagertzeko. Behin gure helburua beteta, hemendik aurrera ohiko alderdiak bakarrik aurkeztuko dira hauteskundeetara.
Dena dela, Usansoloko Udala eratuta dagoenean ere, usansolotarrek zerbitzu batzuk Galdakaotik jasotzen jarraituko dituzue, ezta? JA: Bai, hori lehen kontatu dudanarekin lotuta dago, ez udalerri zaharreko biztanleek —galdakoztarrek, kasu honetan— ezta udalerri berrikoek ere —usansolotarrek— ezin dutela galdu egoera berrian. MM: Foru arauak hala batzen du Josebak dioena. Horregatik, eta Usansolok dituen biztanleak izanda, usansolotarroi ez dagokigu helduen eskolarik, Musika Eskolarik edo euskaltegirik izatea, esaterako. Baina orain arte zerbitzu horiek izan ditugunez, Galdakaon bada ere, Batzorde Mistoak osatu zuen memoria-txostenean adostu zuten lehen genituen baina orain izango ez genituzken zerbitzu horiek jasotzen jarraitzea.
Galdakaoko Udaleko funtzionario batzuk Usansoloko udaletxera pasako dira? MM: Aipatutako bideoan azaldu bezala, hiru bakarrik izango dira Usansoloko Udalaren parte izatera pasako diren egungo Galdakaoko Udaleko funtzionarioak, orain ere Usansolon daudelako lanean: Unkina eskolako atezaina, Txapelena Kultur Etxekoa eta liburutegiko langilea. Gainontzeko funtzionario guztiek Galdakaoko Udalaren parte izaten jarraituko dute.
Zertan irabaziko du aurrerantzean usansolotarrak? MM: Denean. Beste galdera batekin erantzungo dizut: ehun euro badituzu zure etxea kudeatzeko, nork kudeatuko ditu hobeto, zeuk ala zure auzokideak? •