Galdakaoko jarduera ekonomikoa sustatzeko helburuz, Udalak 300.000€ bideratuko ditu. Zehazki, herriko merkataritzari eta ostalaritzari lotutako 23 jarduera antolatzeko bideratuko da dirua.
Galdakaoko Udalak merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresak batzen dituzten elkarteei zuzendutako dirulaguntzen deialdia ebatzi zuen maiatzean.
Horien xedea «herriko jarduera ekonomikoa sustatzea eta tokiko merkataritza eta ostalaritza indartzea da», eta horretarako, guztira 300.000 euro bideratuko ditu aurten.
Norgehiagokako dirulaguntza horiei esker 23 jarduera egingo dira aurten. Aurkeztutako proiektuak baloratu ondoren, Gu Dendari elkarteak 199.525,30 euroko dirulaguntza jaso du, eta Gertutasuna elkarteak, berriz, 100.000 eurokoa. Aurreikusitako ekimenetatik 14 merkataritza eta zerbitzuen arlokoak dira, eta bederatzi ostalaritzari lotutakoak.
Gu Dendari elkarteak aurkeztutako proposamenen artean berrikuntza nagusietako bat Mozoilo txartela da. Ekimen berri horrek Bonodenda kanpaina tradizionala ordezkatuko du, BINKEk jaso zuen moduan.
Horrez gain, aurreko urteetan arrakasta handia izan duten otsaileko eta urriko outlet azokak ere egingo dira, jaietan zapiak eta lanyard-ak banatuko dira, eta Gabonen bueltan hainbat ekimen antolatuko dira, Gabonetako pasaportea, erakusleihoen lehiaketa edo Olentzerori gutuna idazteko kanpaina esaterako.
Ostalaritza arloan, Gertutasuna elkarteak hainbat ekimen sendotuko ditu. Horien artean Pintxo Ibilbidea eta Pintxo Lanperna daude, ostalaritza establezimenduen parte hartze handia lortu ohi duten proposamenak, eta baita Bakailaoaren Ibilbidea ere, iazko harrera onaren ondoren.
Era berean, sektorea dinamizatzeko helburuz, Itzalak eta Arimak ekimena antolatuko da berriro, Euskal Herriko Gau Beltzaren tradizioa eta mitologia balioan jartzeko, eta tabernetan joko tradizionalen bigarren edizioa ere egingo da. Jardueren artean, martxoaren 8aren inguruan egingo den Galdakaon, ekintzailetzak emakume izena du kanpaina ere da nabarmentzekoa.
Dirulaguntza programa honen bidez, Galdakaoko Udalak «tokiko merkataritzarekin, ostalaritzarekin eta zerbitzu enpresekin duen konpromisoa berresten du, herriko ekonomia, enplegua eta bizitza komunitarioa indartzeko funtsezko eragileak baitira».




