Merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko dirulaguntzak emango ditu Galdakaok
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Irekia
Galdakaoko udalbatzak merkataritza txikia sustatzeko dirulaguntza berriak ematea onartu zuen azken osoko bilkuran. Hauen artean, Galdakaoko paisaia linguistikoa «euskalduntzeko» dirulaguntzak ematea adostu zuten alderdiek.
Galdakaoko udalbatzak ikasturteko lehen osoko bilkura egin zuen eguenean, irailak 28. Honetan hainbat izan ziren alderdiek eztabaidatu zituzten gaiak, haien artean merkataritza txikia sustatzeko dirulaguntza berriak ematea.
EH Bildu, UH, Auzoak eta EAJ-PNVren babesarekin, eta PSE-EEren abstentzioarekin adostu zen neurria, eta hiru lerro izango ditu, BINKEk jaso zuen moduan.
Lerroetako bat Galdakaoko paisaia linguistikoa «euskalduntzeko» helburua du. Horretarako, irudi korporatiboa, errotulazioa, webguneak eta publizitatea euskaraz egiteko dirulaguntzak eskainiko ditu Udalak.
«Udalak euskara zeharkako lerrotzat duenez», Sustapen Ekonomikorako Arloak hartu du beregain merkataritzan euskara normalizatzeko dirulaguntzak kudeatzea.