Katixa Agirre, idazlea
BINKE / 2026ko ekaina
Tropa faxistek Galdakao bonbardatu zutenetik 89 urte bete ziren maiatzaren 19an, eta horren harira Memoria Astea antolatu zuten Galdakao Gogora Elkarteak eta Udalak. Egitarauaren baitan, Barne Zerbitzuak liburua aurkeztu zuen Katixa Agirrek Torrezabalen. Idazlearekin hitz egin du BINKEk eleberriaz eta memoria bizirik mantentzearen garrantziaz.
Katixa Agirrek Alava sarea osatu eta espioi lanetan aritu ziren lau emakumeren istorioa ezagutarazi du Barne Zerbitzuak liburuan. 1937tik 1943rako tartea hartzen du kontakizunak, eta hiru ataletan banatu du egileak: sarearen sorrera, bilakaera eta desegitea kontatzen ditu horietan.
Orain arte hondo biografikoak zituzten liburuak idatzi dituzu, baina Barne Zerbitzuak eleberriaren kasuan, beste belaunaldi bateko pertsonaiak izan dira protagonistak. Zerk bultzatu zintuen horien inguruan idaztera? Istorioak berak sortu zidan zirrara eta gure iragan hurbila gehiago ezagutzeko premia. Nire buruari aginduta nion ez nuela nobela historikorik idatziko, baina azkenean tentazioa handiegia izan zen. Emakume hauen benetako istorioa ezagutu eta kontatu nahi nuen.
Aitortzarik jaso ez duten emakumeen inguruan idatzi duzu. Zergatik da garrantzitsua Alava Sarea osatu zutenen istorioa ezagutzera ematea? Emakumeak beti egon dira erresistentzian, beti parte hartu dute borroka politikoetan, baina historia liburuetan ia ez dira agertzen. Alava Sareko emakumeak informazioa pasatzen, preso politikoak laguntzen, sare klandestinoak mantentzen aritu ziren, bizia arriskuan jarrita. Baina egin zaie merezi duten aitortza? Nik uste dut literatura dela tresnarik egokienetako bat hutsune hori betetzeko, ez historia akademikoak ordezaktzeko moduan, baina bai izena eta aurpegia emateko. Pertsonaia bat den unean, irakurleak maite dezake, haserretu daiteke berarekin, kezkatu daiteke. Gure egiten ditugu iraganeko pertsonak pertsonaia moduan aurkezten dizkigutenean.
Hizkuntza zinematografikoaren keinuak erabili dituzu eleberrian zehar. Nola bururatu zitzaizun teknika hori erabiltzea? Zinema beti egon da nire idazkeran, beharbada ikusizko pentsamendu bat daukat berez. Baina kasu honetan bazuen arrazoibide sakonagoa. Nahi nuen irakurleak ikusi egitea, ez bakarrik irakurri. Irudikapen zinematografikoak —plano hurbilak, denbora mozteak, eszenen muntaia— tresna bikainak dira orainaldi eta iraganaren arteko tentsioa sortzeko, eta nobela honetan denbora-jauzi horiek funtsezkoak dira. Gainera, zinemak memoria kolektiboan duen indarra aitortzea ere bazen: guk gerra bat ez dugu bizi izan, baina ikusitako irudiez eginda dago gure irudimena. Literatura eta zinema elkar ukitzen direnean, gauza interesgarriak gertatzen dira.
Galdakaoko bonbardaketaren 89. urteurrenaren harira liburua aurkeztu zenuen herrian. Garrantzitsua da herriaren memoria bizirik mantentzea? Ezinbestekoa. Eta ez hitz handia delako, baizik eta gertatzen ikusten dugulako kontrako bideak zer dakarren. Herriek beren zauria ixten dutenean aitortu gabe, belaunaldi batetik bestera min isila pasatzen da, familia barruko isiluneetan, hitz egin ezin diren gauzetan. Betebehar demokratiko bat da. Galdakao bezalako herri batek, bonbardaketa jasandakoak, badu eskubidea eta betebeharra bere sufrimendua aitortzeko eta gogoratzeko. Eta urteurren bat ez da ekitaldi protokolario bat bakarrik: elkargunea da, memoria kolektiboa aktibatzeko aukera. Niretzat nobela aurkeztea bertan bereziki hunkigarria izan zen.
Zer egin daiteke herritarrek Euskal Herriak Gerra Zibilean eta mundu gerretan pairatu zuten sufrimendua ezagutzeko? Hezkuntzak lan handia du egiteke, baina ez bakarrik datak eta izenak irakasten. Pertsonak eta istorioak behar dira. Liburuak, filmak, kantak behar ditugu. Errelato bizi bat, gertukoa, konpartitua. Abstrakzioan ez dago enpatiarik. Egin daitekeen beste gauza bat familiako zaharrenei galdetzea da, gutxi geratzen dira baina ezin ditugu azken testimonio horiek galdu.
Arteak sufrimendu horri izen-abizenak jartzen lagundu dezake? Hori da, hain zuzen, artearen botere berezia eta ezin ordezkagarria. Zifra batek ez du negar eginarazten. Baina pertsonaia batek, ondo idatzita, bai. Barne Zerbitzuak idazten ari nintzela behin eta berriz pentsatu nuen horretan: nola bihurtzen da sufrimendu kolektiboa sentiarazgarri? Pertsonaiari izena ematen diozunean, etxea, amodioa, beldurrak, desirak… orduan irakurleak bere baitan kokatzen du. Ez da jadanik estatistika. Eta hori gertatzen denean, zerbait aldatu egiten da irakurlearengan, eta beharbada gizartean ere bai, pixkanaka.
Galdakaon Gerra Zibileko umeen zerrenda osatzen ari dira. Pauso bat izan daiteke sufrimendua aitortu eta humanizatzeko bidean? Pauso itzela iruditzen zait, eta eredugarria gainera. Izen bat zerrendan egotea existitu izanaren aitorpena da. Inor ez dela ahaztu esatea da. Eta umeena bereziki mingarria da, gerra-unean haurrak izatea, bonbardaketak, erbesteratzea… Haien sufrimenduak ez du justifikaziorik, eta hain zuzen ere horregatik merezi dute arreta berezia. •




