IRITZIA
Ainara Artetxe Azkueta
Oin dela gitxi, Euskaltzaindiak euskañol berbea onartu dau eta ezer ez dala kasualitatea pentsetan dauen horretarikoa naz. Laster baten, euskañola, hizkuntza eskolan eskainiko dabe, epaitegien aginduz; herritar guztien eskubideak babestearren, hori bai, eskubideak bai, baina betebeharrak ez direz inondik aipatuten. Ofizialak direzan bi hizkuntzak ezetuteko eta menperatzeko beteharraz nabil. Denborea daroagu euskeran kontrako oldarraldiek biziten, hori salatuteko, agerraldiek, manifak eta ekitaldi jendetsuek egin direz. Baina, selektibitateko azterketan nota baxuek jarri dabiziela salatzeko, lau katu batu direzanean, berehalako epaie etorri da: EHUn leku bat gorde behar jake, beren ikasketak bertan eiteko. Barriro bere, euskera galtzaile eta berau ikasteko ahalegine egin daurienen kaltetan. Agian, apika, beharbada, prefosta, aztertzaileak okertu egin ziren euskerazko azterketea zalakoan eta ikasleek euskañoleko azterketara aurkeztu ziren… Lau katu horretariko baten batek esango leuken moduen, «halako justiziarik, ez nahi dut».




