Handitze lanen ondorioz, Urreta kiroldegia itxita egongo da uztaila eta abuztuan zehar, eta eragina murrizteko Galdakaoko Udalak Zugutzu eta Elexaldeko eskaintza indartu du. Galdakaoko PSErentzat ordea, ez da nahikoa, eta kaltetutakoei konpentsazio ekonomikoa eskaintzea eskatu du.
Urreta kiroldegiaren handitze eta eraberritze lanen ondorioz, itxita egongo da uztaila eta abuztuan zehar. Eragina murrizteko, Galdakaoko Udalak Zugutzu eta Elexaldeko eskaintza indartu egingo du, BINKEk jaso zuen moduan.
Galdakaoko PSE-EEk ordea, ixteagatik abonatuei konpentsazio ekonomikoa eskaintzea eskatu du, hilabeteetan kuota murriztuz.
Víctor Trimiño bozeramaile sozialistak eskaera bat erregistratu du, Udal Gobernuak aurreikuspen eta aurrerapen handiagoa izan dezan etorkizunean antzeko egoerei buruzko informazioa emateko orduan, «hori baita erabiltzaile batek horrelako egoeretan Udal Gobernuarengandik espero dezakeen gutxienekoa, batez ere, ondoz ondoko hirugarren urtea izanik».
«Aurtengo itxiera 2024ko eta 2025eko udetan gertatu zirenei gehitzen da. Egiten ari diren obren konplexutasunaz eta eragin horietako askoren saihestezintasunaz jabetuta ere, udalerriko hainbat galdakaoztarrek helarazi diguten ezinegona adierazi nahi dugu», azaldu du.
Gainera, adierazi duenez, «udaz uda pertsonek urtearen hasieran ordaintzerakoan ezarrita dauden baldintzak aldatzen badira, Gobernu Taldeak arduratsua izan behar du arazo horren aurrean, eta horren arabera jokatu behar du, ez adabakiekin, konpentsazio-neurriekin baizik».
Era berean, gertakariaren berri emateko orduan aurreikuspenik eta aurrerapenik ez izatea kritikatu du, eta gaineratu du, eskainitako zerbitzuengatik eta instalazioen kokapenagatik, Elexalde eta Zugutzun eskainitako alternatibek ez dietela erabiltzaile askori konpentsatzen Urreta kiroldegia ixteak eragin ditzakeen kalteak».
«Gainera, udako hilabeteetan erabiltzaileen beherakada ezagutu arren, bizitzen ari garen egun bero hauetan igerileku klimatizatuetara sartzea baliabide garrantzitsua da Galdakaoko herritar askorentzat, batez ere, oporretako hilabete hauetan beste leku batera joateko aukerarik ez dutenentzat», nabarmendu du.




