«Motxiladun umea», Ainhoa Gutierrez
Ainhoa Gutierrez Santorcuato
BINKE / 2018ko martxoa
Motxiladun umea
Ostirala, ikastolara noa poz-pozik, gaur eguerdi aldera aitite etorriko baita nire bila. Aita eta ama ikustera joango gara, Mirentxinen furgonetan, eta bertan nire beste lagunekin arituko naiz jolasean. Bidaia oso luzea da, 12 ordukoa, baina Ametsekin inoiz ez naiz aspertzen. Joarrek negar egiten du, zorabiatu egiten da, baina, hala ere, hilero egiten du bidaia. Aita eta ama ikusiko ditugu. Bazen garaia! Luze egiten da itxaronaldia, laburregia goxo egoteko tartea. Baina furgonetara sartu eta Amets ez dago. Non dago? «Ama etxean du jada», erantzun didate. Pozik jarri naiz, aldi berean triste. Nireak oraindik ez daude, ezta Joarrenak ere. Baina Ametsek lortu egin du gu guztion ametsa. Egunen batean gurean ere aita eta ama izango dira. Gezala ezagutu dut gaur, ama tokiz aldatu dute, eta nirearekin batera omen dago. Lagun gehiegi ezagutu ditut bidaietan, batzuk joan, besteak etorri… eta beste batzuk, ni lez, hiru urte bete arte amarekin goxo-goxo daude kartzela barruan. Bidaietan ezagututako lagunek ulertzen naute, ez, ordea, ikastolakoek. Ez dute uste ama dudanik, baina badut, eta nahiz eta dispertsioaren ondorioz urruti egon, ilargiarekin bere maitasuna bidaltzen dit egunero, segundo oro. Ilargiraino maite zaituztegu.