«Munstroak hezitzen», Ainara G. Goitiandia
Zokoratutako berbak
Ainara García Goitiandia
Etxean. Bale. Gabon. Hau da emakumeok bidali behar dogun mezue herriko jaietatik bueltan etxera ailegetan garanean. Hau berez ez bada nahiko nazkagarrie, mezu hau bidali baino lehen, zenbait eraso jasan behar izan doguz inguruan eukin doguzan zenbait gizonen eskutik. Ukitzeak, irainak, txistuak, gure gorpuei buruzko doako iritziak. Gau horretan zorterik izan ez badogu, eraso sexualen bat jasango dogu edo drogak botako deuskuez edarian, gure gorpu logaletua bortxatu ahal izateko.
Hau da parranda gau bat emakume batentzako, gudu-zelaia. Eta ez da ustekabeko gaia, emakumeak kaleetatik baztertzeko erreminta eraginkorra baizik. Gure bihotz, gorpu eta kontzientzietan beldurra ereiteko, kaletik libre ibiltzeko dogun eskubidea urratzeko erreminta. Eta erreminta horren erabilera ikasi egiten da.
Zuen semeak emakumeak erasotzeko hezitzen dozuez etxean, eskolan, kalean, hedabieetan… bai zuek, danok, mandatu patriarkal ikusezin bati kasu eginez. Gu, emakumeak, kontrolpean mantentzeko, etxean mantentzeko, gizarteak onartutako kartzela horretan. Baina iluna eta ilargiaren babespean, gure burua defendatzen hasiko gara, ez da izango otsoen kontra edo sikatearen kontra, ezta lukurreriaren kontra be, gizonen indarkeriaren kontra baizik, eta ez jatzue batere gustatuko.
Ezin da pribilegioa gozatzen dauan izaki bat errespetuan hezitu, ezin dira giza eskubideak negoziatu, ezin da onartu gizonen indarkeria balizko gizarte osasuntsu baten. Gure herriko kaleetan, jaietan, autodefentsa feminista besterik ez jaku geratzen.