«Nobedaderik ez», Saioa Altuna
Saioa Altuna Zugazaga
BINKE / 2019ko urtarrila
Nobedaderik ez
Jarri naiz ordenagailuaren aurrean, Binkerako zer edo zer idatzi nahi, baina, zer? Lagun batek sarritan animatu nau «Saio, idatzi zerbait!». Ez dakit, ba, euskal filologo eta irakaslea… bai ala bai izan beharko! Kar, kar, kar! Ikaragarri estimatzen diot nigan duen konfiantza, eh? Baina, hemen nabil, ez atzera eta ez aurrera…
Beno, otorrinolaringoloarekin Galdakaoko ospitalean dudan hitzordua aldatu nahi dut, eta segundotxo batean, hau utzi, eta telefonoz deitu behar dut, ea bueltan «idazle inspirazioa» etortzen zaidan! Segundo luze samarra; izan ere, euskaraz artatuko ninduen langile baten zain hamar bat minutu eman ditut telefonoan. Beno, ea oraingoan martxa hartzen diodan eta zerbait originala idazteko gai naizen… Galdakaori buruzko zerbait? Anekdota edo bizipenen bat? Zerbait salatu? Puff, ez, salatu ezer ez, «Saio, jendea aspertu barik…».
Minutuak aurrera doaz, uste dut gaurkoa ez dela idazteko egunik inspiratuena, ea bihar zer edo zer bururatzen zaidan; zerbait desberdina eta freskoa, normaltasunetik eta «betiko» gaietatik urrunduko den zerbait. Idazten hasi naizenetik, sentsazioa dut erlaxatzen ari naizela, dena normal ikusten baitut, nobedaderik ez… ta hori da normala ez dena, ezta?