Oihana Aranburu galdakoztarra Athleticeko jokalariekin irten zen zelaira Kopako finalean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
Zapatuan, apirilak 6, Athletic Clubek Espainiako Erregearen Kopa irabazi zuen Mallorcaren kontra. Ohi denez, partida hasi baino lehen zenbait ume irten ziren zelaira jokalari zurigorriekin eta hauetako bat galdakoztarra da: Oihana Aranburu. Gaztetxoarekin hitz egin du BINKEk esperientzia ahaztezin honen inguruan.
Egun berezia benetan bizi zuten atzo zale zurigorriek, Athletic Clubek irabazitako Espainiako Errege Koparen ospakizunetan. Zapatua ere, RCD Mallorcari finala irabazitako eguna, benetan hunkigarria izan zen milaka pertsonarentzat, 40 urteren ondoren garaipena lortu ostean.
Irribarreak, malkoak… denetarik izan zen partidaren bitartean eta batez ere ostean. Aurretik urduritasuna izan zen nagusi zaleen artean, eta baita partida modu berezi batean bizi izan zuen galdakoztar batentzat: Oihana Aranburu.
Ohi denez, jokalariak zelaira irtetzean, hainbat ume atera zen haiekin batera eta hauetako bat izan zen Aranburu. Egian ikasten duen bederatzi urteko gaztetxoak esperientzia ahaztezina bizi zuen Athleticeko jokalariekin, haiekin hitz egiteko aukera askorik izan ez arren. «Oso urduri nengoen hasieran baina gero oso polita izan zen niretzat, ahaztuko ez dudan eguna», aitortu dio Aranburuk BINKEri.
Ilaran bigarren lekua hartu zuen galdakoztarrak eta partidaren heroietako batekin irten zen eskutik zelaira, Julen Agirrezabala atezainarekin. «Oihanak dio zortea eman ziola gero partidarako», dio Ainara bere amak barrezka.
Forum-en zozketa baten bitartez lortu zuen esperientzia bizitzea eta ondoren familia osoak zelaian bertan partida ikusteko aukera izan zuen. «Oso oso pozik nago, gainera dena ondo amaitu zen. Benetan ilusio handia izan da niretzat», azpimarratu du gaztetxoak, txikitatik duen sentimendu zurigorria harrotasunez azaltzen duenak.