«Planeta salbatu behar dela dio askok… Bai zera!», Estibaliz Apellaniz
Lurretik
Estibaliz Apellaniz Ingunza
BINKE / 2020ko urtarrila
Planeta salbatu behar dela dio askok… Bai zera!
Aspaldion sarri-sarri entzuten da komunikabideetan «planeta salbatu beharrean gaudela» eta antzeko esaldi arduratsuak. Ai, kokoloak! Salbatzekotan ere, geu gara geure burua salbatu beharko dugunak. Lur planeta, Eguzki Sistema osatzen duten beste gorputz planetarioekin batera orain 4.570 milioi urte eratu zen.
Harrezkero gertaera ugari jasan ditu, ohiko aldaketa txikiak zein eraldaketa ikaragarriak. Izatez, Lurraren historia luzea lantzen duen antzerkian, planeta bera «eszenatokia» besterik ez da izan, «aktoreak» izaki bizidunok izan gara, eta agertokia aldatzeko ahalmen izugarria izan dugu.
Denboran zeharreko aldaketa horien aurrean «aktore» batzuek, egoera berrira egokitu ezinik, hondamendira joan behar izan dute beste batzuen mesedetan.
Adibiderik ezagunena orain 65 milioi urte gertatutakoa dugu. Hondamendi nagusi horretan, beste izaki askoren artean, dinosauru ospetsuak desagertu ziren lehorreko ekosistemetan, ugaztunen garapena eta dibertsifikazioa ugarituz. Eta horri esker gaude gaur hemen, gu hominidook, Lurra kolonizatzen.
Suntsipen hori meteorito batek Lurraren kontra talka eginda eragin zuela uste da; baina beste hondamendi batzuk, ordea, izaki bizidunen aktibitateak eragindakoak izan dira.
Beraz, ez dugu indarrik galdu behar planeta salbatzen, berton bizi ahal izateko eszenatokia zaintzen baino. Bestela, gureak egin du, eta, aurreko hondamendietan bezala, antzerkiak jarraituko du eszenatoki berrian, baina beste aktore batzuekin, ez gurekin.
Planetak luzaroan iraungo du bizirik, baina lagunok…guk agian ez.