«Ramon Kuku», Jose Inazio Basterretxea
Erretratuak
Jose Inazio Basterretxea Polo
BINKE / 2021eko apirila
Ramon Kuku
Kukua barrundatu dot mizpira gainean. Udabarriagaz batera azaltzen da adaburuan, eta udagaz batera desagertzen. Behin etorrita, bere bideari ekiten deutso harek. Eta itxura batean, iazko marka hobetzeko bidean dabil aurton; martingala ederrak ekarri ditu-eta txertoaren kontura. Agintariak eta herritarrak zein bere zorriari begira, gehienak burua galduta.
Matrakalaria da kukua; eta itzela, bazterrak nahasten. Erramuetan kuku, Sanpedroetan mutu… baina, iazko kukuaren eskutik etorri zana ez da joango aurtengo Sanpedrotan.
Egoera eskasotan, Ramon Kuku, txapeldun: atzo, lagunen arteko hartuemonak eteteko baino ez dauela balio musukoak; harainegun, bera adinez nagusia dala eta berari arpelik esango deutsola inork ezer kalean erretzeari, jateari edo edateari buruz. Dan-dana dala guzur handi bat, jendea kikiltzeko.
Zorriak zorri, herritarrak, zur eta lur. Batzuk, larjakinei begira. Besteak, agintzaileei so.
Ramon Kuku, beti txapeldun: borborrean dauka odola… Txertoa hartzeko guraria sortu jako. Ezin dau itxaron, oxigenoa behar dau, oporrak behar ditu, ikusmuga barriak amestu, hegazkina hartu edo furgoneta erosi, kanpora joan, palmondoak ikusi, balea ehizatu, beste giro bat bizi, neska-mutiletan egin… askatasuna aldarrikatu dau covi-diktaduraren kontra. Pasaporte berdea gura dau.
Esnegurinetan baino ez daki bizitzen.
Ea datorren urtean zer dakarren Erramuetako txori-edo horrek. Ramon Kukuk, betikoa: ohean k. Agintariek eurek ere, deskuidoan, ohean k.
Eta Espainiako errege-koparen finala?
Txalo, txalito txalo.