Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileek soldata igotzeko akordioa lortu dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: ELA Osakidetza
Usansoloko ospitaleko Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileek mobilizazioak egin dituzte hainbat hilabetetan zehar euren soldata lehen arretarekin parekatzea eskatzeko. ELA sindikatuak iragarri du akordio batera heldu direla, eskatu duten %4ko osagarria kobratzeko.
Hainbat eta hainbat hilabetetan zehar mobilizazioak egin dituzte Usansoloko ospitaleko Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileek euren soldata Osakidetzan lehenengo arretan dauden langileek dutenarekin parekatzeko.
Zehazki, parekatzeko %4ko igoera eskatu dute langileek, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta UTESE sindikatuen arabera. Horretarako, grebak, manifestazioak eta kontzentrazioak egin dituzte Usansoloko ospitalean eta beste hainbat zentrotan. Azkena apirilean izan zen, Binkek jaso zuen moduan.
Mobilizazio guzti hauen ostean, akordio batera heldu direla iragarri du ELA sindikatuak eta ekainetik aurrera, Usansolo ospitaleko TGEEZko ia 130 langileek osasun zentroko beste langileek jasotzen duten %4ko osagarria kobratuko dute.