
Usansolo eta Lemoa arteko tren zerbitzua berrezarri dute, Durangoko noranzkoan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EFE
Tren bat bidetik atera zen Usansoloko geltokian astelehenean eta honen ondorioz Usansolo eta Lemoa arteko zerbitzua eten zuten. Euskotrenek bi herrien arteko zerbitzua berrezarri duela baieztatu dio BINKEri, baina soilik Durangoko noranzkoan.
Tren bat bidetik atera zen Usansoloko geltokian astelehenean, 13:20 aldera, luizi baten ondorioz. Istripuan zauritutako hiru pertsona artatu zituzten eta horietako bi Usansoloko ospitalera eraman zituzten, larri egon ez arren.
Istripuaren ondorioz Euskotrenek zerbitzua eten behar izan zuen Usansolo eta Lemoa artean, eta ordutik etenda izan da, orain arte.
BINKE Euskotrenekin harremanetan jarri da eta honek bi herrien arteko zerbitzua berrezarri dutela baieztatu dio, baina soilik Durangoko noranzkoan.
Donostiako noranzkoan aldiz, konponketa lanekin jarraitzen dute eta bitartean autobus batera lekualdatzen ari dira treneko bidaiariak, Usansoloko tartea ekiditeko.