Usansoloren segregazioaz gaur iragarritakoa «egia ez dela» salatu du EAJk
Lurraldetasuna
BINKE / 2022ko urtarrila
Usansoloren segregazioaz gaur iragarritakoa «egia ez dela» salatu du EAJk
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Binkeren artxibotik
Usansolo Herria «jendearen ilusioagaz jolasten» dabilela eta gaur segregazioaren harira iragarritako berrietan «egia aitortu ez dauala» salatu du EAJk, prebarikazio-delituez ohartaraziz eta jeltzaleen proposamena luzatuz gainera.
Galdakaoko Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) Binkeri adierazi dio gaur Usansolo Herriak (UH), Udal Gobernuko gainontzeko alderdiekin, Usansoloren segregazioaren inguruko galdeketaren berri eman duen prentsaurrekoan adierazitakoa «ez dala egia».
Ezer baino lehen, segregazioa aztertzen duen memoriaren harira, Bizkaiko Foru Aldundiak «ezer onartu ez duela» azaldu diote EAJko ordezkari diren Fernando Izagirrek eta Aintzane Urkizak hedabide honi, eta zehaztu: «Bizkaiko Foru Aldundiak memoria hori ez dau onartu, memoria bat betetzeko batu beharreko dokumentazio guztia batuta dagoala baieztatu baino ez dau egin».
Batetik hori da gaur eguerdiko prentsaurrekoan UHko kideek «bota daben gezurra», eta bestetik «informazioa ezkutatzen eta herritarren ilusioagaz jolasten» ari direla azpimarratu dute.
Jeltzaleen arabera, «informazioa ezkutatzen» ari dira «Udaleko idazkariak eta prozesu honen estudioa garatzeko kontratatu daben abokatuak hainbatetan ohartarazi dabenean ezinezkoa dala Usansoloren segregazioa». Eta Binkek «ezinezkoa» zergatik den galdetzean argi erantzun du Izagirrek: «Jeltzaleon borondatearen kontra badoa be, Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egiten daualako foru arauak daukan 2.500 biztanleen irizpidea».
Foru arauaren arabera, auzo bat udalerri bilakatzeko, besteak beste, 2.500 biztanle izan behar ditu. Baina Espainiako Auzitegi Gorenak dio 5.000 bizilagun izan behar dituela, gutxienez, segregatu gura duen komunitate horrek. Segregazio berbaren harira, oposizioko alderdi nagusiaren bozeramaileak ñabardura bat aitortu du solasaldi horretan, «alegia, Usansolok segregatu egin gura daualako —inoiz ez dalako udalerri izan, gero Galdakaora anexionatu eta, beraz, ezin daitekelako orain desanexionatu—, baina UHren diskurtsoan desanexionatzeaz hitz egiten dabelako beti». Eta horrekin, EAJren ustez, «herritarren ilusioagaz jolasten dabe, gero gizartea are gehiago frustratzeko honen harira».
Galdakaoko Udal Gobernua, bien bitartean, «isilik dago, UHri berak egin gura dauana egitea uzten, gero prozesua Bizkaiko Batzar Nagusietara doanean EAJ izan daiten segregazio honi ezezkoa emoten deutsona eta, beste behin, txarrak gu izan gaitezan», dio Izagirrek. Baina EAJk zergatik egingo du Usansolo segregatzearen aurka? Bada, jeltzalearen hitzetan «legearen aurka ez egiteko, gauza bat bihotzak esaten dauana dalako, eta beste bat saltatu ezin dogun lege bat dalako».
EAJren proposamena
Usansoloren segregazioaren aurrean, Binkek zuzen galdetu dio Fernando Izagirreri: EAJ segregazioaren alde dago? Eta horrela bada, zer proposatzen du alderdi jeltzaleak?
Erantzuna honakoa izan da: «Usansolo berak gura dauana izango da, eta ziurrenik hemendik 2-5 urtera Usansolok lortuko dau Espainiak ezartzen deuskun 5.000 biztanleen baldintza betetzea —aurretik adostutako hirigintza planetan Usansolo haztea aurreikusita dagoalako—, baina ez da horretarako unea. Horregaitik, baldintza hori bete bitartean, Galdakaok eta Usansolok alkarlanean lan egin beharko dabe bi herrien zerbitzuak zelan konpartitu adosteko eta bost mila biztanlera zelan heldu erabakitzeko».
Hori iritsi bitartean, «informeek jarraituko dabe prozesu honen arriskuaren barri emoten, nahiz eta batzuek entzungor egin», salatu du gogor EAJk, eta gaineratu: «Espainiako Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 13.2 Legearen kontra egiten badabe, estatua sartuko da tartean eta Galdakaoko Udaleko idazkaria kartzelaratu be egin leikie».
Aukera horri lotuta, prozesu honetan 200.000€ gastatu direla esan du Izagirrek, eta ohartarazi: «Gastatu daben kopuru horretaz aparte, gehiago gastatzen jarraitzen badabe, idazkariaren eta zinegotzien aurka egin leike Espainiako Auzitegi Gorenak».
Horren aurrean, eta urtarrilaren 27ko Ohiko Osoko Bilkuran oposizioak segregazioaren alde ala kontra bozkatu dezakela jakinda, EAJk, PSE-EEk eta atxiki gabeko zinegotziak Udaleko Idazkari Orokorrari ondoko bi galderak egin dizkiote idatzi baten bitartez:
«Ba al dago arriskurik Udalbatzako kideentzat, gobernu honek proposatutako irizpenei aldeko botoa emanez gero prebarikazio-delitua egiteko, segregazio-memoria onartu eta gero herritarrei kontsulta egiteari dagokionez? Berresten al du Idazkaritzak ez dagoela erantzukizun administratibo, kontulari edo penalen arriskurik segregazio-prozesuarekin jarraitzeagatik?».
Erantzunaren zain dago oposizioa.