Herriko adinekoentzat zuzendutako Arriskua gutxien espero duzunean dago. 100 aldiz begiratu kanpainarekin bat egin du Galdakaok. Kanpainaren baitan egitarau zabala batzen duen jardunaldia antolatuko dute bihar, maiatzak 4.
Eusko Jaurlaritzak adinekoei zuzendutako bide istripuak prebenitzeko Arriskua gutxien espero duzunean dago. 100 aldiz begiratu sentsibilizazio kanpaina abiatu du. Ekimenak ahartze aktibo eta osasungarrirako mugikortasuna funtsezkoa den testuinguruan bide segurtasuna du ardatz, eta Galdakaok bat egin du horrekin.
Euskal Herrian, biktimak dituzten trafiko istripuen 10etik 3tan daude inplikatuta 65 urtetik gorako pertsonak. Gainera, azken datuen arabera, 2025ean hil ziren oinezkoen %80k 65 urte edo gehiago zituen, eta larri zaurituak izan ziren oinezkoen ia %46a adin tarte horretakoa zen. Beraz, datuek argi uzten dute adineko pertsonak bereziki kalteberak direla.
Testuinguru horren aurrean, kanpainak mugikortasun ohiturei buruzko hausnarketa sustatzea du helburu, baita arrisku egoerak identifikatzea eta eguneroko joan etorrietan autodefentsa estrategiak lantzea ere. Horrela, Galdakaoko Udalak pertsonak euren egunerokoan «lasaitasunez, segurtasunez eta erosotasunez mugi daitezen herria eraikitzeko konpromisoa» berresten du.
Kanpaina astelehenean egingo da Galdakaon, maiatzaren 4an, Ardanza parkean egun osoan zehar egingo diren jarduerekin, goizez zein arratsaldez.
Programazioa Bengoetxeko adinekoen zentroan egingo diren bi ekintzekin osatuko da. Bertan, 17:00etan, bide segurtasunari buruzko bingo tematikoa egingo da, eta 18:30ean, umorezko bakarrizketa izango da.
Ekimenak webgune bat du osagarri gisa, bide segurtasuna modu atseginean lantzeko baliabide didaktiko eta entretenigarriak eskaintzen dituena. Besteak beste, gidatzeko azterketa teorikoaren simulazioak, arreta eta ikusmen abiadura lantzeko ariketak, eta abiadurak istripuen larritasunean duen eragina aztertzeko jarduerak aurki daitezke.




