Vidal Salcedo eta Iraide Arraibi: «Jaien ostean oso nekatuta amaitu dogu; baina pozik, oso pozik!»
Vidal Salcedo eta Iraide Arraibi, jaietako pregoilari eta txupinera
«Kaleko giro ona eta kuadrilen parte hartzea izan da jai hauetako onena»
Vidal Salcedo Arruti
1955, Galdakao
Galdakaoko anbulatorioak urte luzetan izan duen medikurik ezagunena eta maitatuena izan da Vidal Salcedo. Eta ez da gutxiagorako, beti goxotasunetik, maitasunetik eta apaltasunetik berba egiten duen horietarikoa baita. Nahiz eta Adiskide Pilota Elkartea orain 14 urte pregoilari izan zen garaian bera ere balkoira igo —presidente zen bera—, orain bere izenean hitz egitea egokitu zaio mediku izateari inoiz utziko ez dion mediku ohiari.
Iraide Arraibi Zamalloa
1987, Galdakao
Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Gorputz Hezkuntza ikasketaz, irakasle dabil Iraide Arraibi. Ordea, curriculum batean agertuko ez den beste meritu bat ere badu Arraibik: Patxiku kuadrilako kidea da, azken hiru Santakurtzetako kuadrila irabazlearen parte. Eta horregatik, aurtengo txupinera izateko ohorea izan du irakasle galdakoztarrak.
ARGAZKIAK: Julio Legarretaetxebarria
TESTUA: Jon Gomez Garai
Gogotsu zegoen Galdakao, Santakurtz bako bi urteren ostean, ohiko jaiak berreskuratu eta alaitasuna herri osoan bere izaera betean gozatzeko. Iritsi ziren, eta pasa dira. Baina ondo igaro ere, inoizko parte-hartzerik handienarekin! Horren lekuko izan dira 2022ko Santakurtzei hasiera emateko ohorea izan zuten Vidal Salcedo eta Iraide Arraibi galdakoztarrak, pregoilari eta txupinera lanetan aritutakoak, hurrenez hurren.
Jaietatik behintzat bizirik irten zarete! Iraide Arraibi (IA): Ez dala gitxi! (barreka) Oso nekatuta amaitu dogu baina pozik, oso pozik! Vidal Salcedo (VS): Iraideren laurdena eginda be, nekatuta bardin-bardin amaitu dot! Baina pozik! Adin honetan eguneroko errutinea apurtzen dozunean asko igartzen dogu ta…
Zer izan da aurtengo Santakurtzetatik gehien gustatu zaizuena? IA: Horrenbesteko kuadrila parte hartzen ikustea, duda barik! VS: Niri kaleko giroa sano gustatu jat. Kalera urtetea, bategaz berba egitea, besteagaz… gauzarik ederrena iruditu jat hori, pandemia eta aurreko oztopoak atzean utzita. IA: Jai politak izan dira, asko disfrutatu doguz!
Eta gutxien? VS: Nagusitzen goazela gehiago sufritzen dogu jaietan, eta bereziki asteburuetan, dagoan etenbako burrunbea. Askotan berba lasai egitea be kostatu egiten jaku hainbeste zarataren artean-eta… Tire, baina jaietako kontua da. IA: Niri gutxien gustatu jatana, txosnetako musikea. Asko hobetu leikela uste dot. Egun batzuetan lau proba izatea be ez jat askorik gustatu, danera ondo ezin heldu ibili gara-ta.
Bada sorpresaz onerako harritu zaituztenik? IA: Esan dodan moduan, kuadrilen arteko parte hartzeak eta alkarren arteko giroak asko harritu nau! VS: Ez dakit zuek fijatu zarien, baina aurton inoiz baino herritar gehiago ikusi dira gurpildun aulkietan jaietako ekintza desberdinetan parte hartzen, eta poztekoa da hori. Horrek, jaien dinamikaren barruan erosoago dagozanaren seinale dalako!
Zelan jaso zenuten pregoilari eta txupinera izateko aukera? VS: Jon semeak esan eustan: «Aita, konturatu zara pregoilari izateko hautagaien artean zagozana?». Nik ez neban ezer jakin, eta etxean kontatu eustien. Jarraian udaletxetik be deitu eta azaldu eustien funtzionamendua. Gero oporretan joan nintzan eta bueltan, hegazkinetik jaisten nabilela komunikatu eustien herritarrek ni aukeratu nindutena. IA: Gure kasuan Jai Batzordetik etorri zan proposamena —antza pandemia aurreko azken bi Santakurtzetan Patxiku izan dalako kuadrila irabazlea— eta oso arina izan zan prozesua. Neska bat gura zan, libre eta prest egoana… eta neu aukeratu ninduten!
Eta zelan sentitu zenuten berria? IA: Poztasunez, ohorez eta… hasieran barneratzea kostata. Balkoira urten nintzanean, orduan sinistu neban txupinera nintzala. Eta ohorea ez nigatik bakarrik, kuadrila osoagatik be bai. VS: Nik hasieran be antzeko, baina egunak aurrera joan ahala poza gero eta handiagoa zan niretzako. Eta oraintxe konturatzen nabil nire lana —bai mediku lez anbulatorioan zein Adiskide Pilota Elkartean— maitasunez egin izanagatik zenbat emon eta zenbat jaso dodan. Eta pregoilari izatea da horren adibide. Aberatsa sentitzen naz!
Zer izan zen berria jakiterakoan burura etorri zitzaizuen lehena? Ohorea! (biek batera) Ohore itzela da herritar guztien artean gu biok bertan egon ahal izatea!
Iraide, aurten ere izan zarete Kuadrilen Txapelketako irabazle. Zu txupinera izateak zorte ona ekarriko zuen, ezta? IA: Bai, ziur! (barreka) Ez ez, ez dau ekarri inongo «entxuferik»! Baina bai ordea nitzako kriston emoziñoa: txupinera izan eta hirugarrenez kuadrila txapelduna izatea!
Zein izan da gehien kostatu zaizuen proba? IA: Playback-a, zalantza barik. Lan eta denbora asko inbertitzea ekarri deusku. Eta danok beharrean gagozanez, horrek zailagoa egin dau prestatzea. Baina merezi izan dau esfortzua, proba horretan be irabazle izan ginan-eta! (irribarretsu)
Eta gutxien kostatu zaizuena? IA: Herri Kirolak agian, proba horretara nekatuta eta nagi apur bategaz heldu baginan be, ez jakun uste genduana bezain beste kostatu. Ganera, irabazi ez bagendun be, gustura egin gendun lana!
Zelan banatu dituzue probetan parte hartzeko lanak? IA: Bakotxaren ordutegi eta disponibilidadearen arabera, eta zelan ez, bakotxaren abilidadearen edo gustuen arabera be.
Zure kasuan, Vidal, pregoia irakurtzeko ardura egokitu zitzaizun. Zelan prestatu zenuen esan beharrekoa? VS: Barria jaso eta lehenengo egunean ideia nagusiak idatzi nebazan, eta gero pitike-pitike egunero joaten nintzan idatzitakoari bueltatxu bat emoten. Asko idatzi neban bizitako pandemiaren osteko lehenengo jai hauen garrantziaz, errespetuaz, elkar zaintzeaz…
Eta osasuna ere izan zenuen pregoian hizpide. Mediku bat ez al da inoiz jubilatzen? VS: Ba horretan igual arrazoi dozu! (barreka) Konturatu barik horrek presentzia handia dauka nire bizitzan, eta jendearen osasuna arduratzen nauan kontua da… Jendea pozik eta osasuntsu ikusi gura dot-eta!
Jaietan gehiegikeri askotxo egin ohi da jateko eta edatekoekin. Zu horretan, Vidal, formala izango zara gero! VS: Bai… Ba azken baten, adinean gora zoazen neurrian, gehiegikeri batetik berreskuratzeak gehiago kostatzen dau. Gure adinean asko baloratzen da gaua lasai pasatzea. Horregatik lagunartean gehiago gura izaten doguz bazkariak antolatu afariak baino! Afarien ostean ezpabere, ez dau lo eginik!
Jaien osteko ajea gainditzeko gomendiorik? Ibuprofenoa ala Paracetamola? VS: Batzuek esaten dabe batek ondo egiten deutsiela ajea gainditzeko, beste batzuek beste bat… eta oraindino badagoz Aspirina hartzen dabenak! Bakotxari ondo egiten dotsona, neurrian beti be!
Ziur zeuk baduzuna ajearen aurkako erremedio magikorik! VS: Gazteak ginanean bai, esnea, arrautza gordinagaz eta ardau goxo bategaz pontxe antzeko bat egiten genduan, eta haregaz ordu erdian galapan gengozan barriro! Baina gure adinean ez dago ajea egun luzeetan altxauko dauanik! (barreka)
Eta zu Iraide, gauez ala egunez ibili zara gehiago? IA: Bietan! Punto (barreka) Baina probak egin behar ziranez egunez gehiago ibili naz, egia esan.
Asteburuetan behintzat, gauez parranda eta egunez kuadrilen arteko probak. Guztira zenbat ordu egin dituzue lo kuadrilan? IA: Hori derrigor erantzun behar dot? (barreka) Ez dakit, baina bakotxak gauero hiruzpalau ordu egin badoguz, pozik!
Zein balorazio orokor egiten duzue aurtengo Santakurtzetatik? VS: Udaletik Amets Iturbe zinegotziak esan deuskunagatik oso jai positiboak izan dira, parte-hartze ikaragarri altuagaz eta kanpotik etorritako jende askogaz. IA: Gainera, emon deuskuen datuen arabera, inoiz baino kuadrila gehiagok hartu dau parte txapelketan: aurreko urteagaz alderatuta 15 kuadrila gehiagok emon dau izena aurtengo Kuadrila Txapelketan. VS: Egia da batzuk kexatu egin dirala, bereziki herriaren erdigunean bizi diranak… Baina zenbat izan dira, dozena bat milakaren ondoan? Sufritzen be ikasi behar dogu, jakinda ganera herriaren erdigunean bizi zarala eta jaiak 365 egunetik 10 baino ez dirala…
Ardanza parkeko kontzertu garrantzitsuenak talde euskaldunenak bakarrik izatea kritikatu izan dute batzuek. Zuek zein iritzi duzue horren inguruan? IA: Niri ondo iruditu jat danak euskaldunak izatea. Beti gabiz euskara sustatu guran baina gero kanpoko taldeetan inbertitzen dirutzarik handiena. Inoiz ez da egongo danon gustura, beti egongo da zer kritikatu. Baina urte batez danak euskaldunak izateagatik be ez dot uste ezer gertatzen danik! VS: Asko begiratzen deutsagu albokoari, baina gugatik inoiz ez dabe begiratu. Beraz, guk gureari egiten ez badeutsagu inork ez dau egingo, eta hori modu naturalean hartu behar dogu, konplexu barik. Begitu, niri pregoia erderaz esatea be ahaztu jatan! Holan urten jatan, barru-barrutik euskaraz!
Bizitako esperientzia gomendatzen al diozue besteei? IA: Bai, duda barik! Eta jende gazteari bereziki! Uste dot ideia oso ona dala txupinero edo txupinera beti izatea kuadrila gazteren bateko kidea, horrek asko ikusarazi eta motibatuko dauzelako gazteak. VS: Aukera hau eskaintzen deutsienari beti esango deutsat gauza bat argi: herritarrek bozkatu badabe bera entzun eta balkoian bera ikusi gura dabelako da, eta opari hori ezin dala galdu. IA: Ez badozu hau bizitzen, ez dakizu zer dan.