Autu-mautuan
Antton Irusta Zamalloa
BINKE / 2021eko martxoa

Zergatik egiten dute oilarrek kukurruku?

Konturatu zarete oilarrak eguzkia irtetean esnatzen direla eta ilargiak sudurra ateratzen duenean lokartzen direla? Jakin nahi duzue zergatik gertatzen den hori? Duela urte asko zeruan hiru anaia bizi ziren: eguzkia, ilargia eta Kukurruku oilarra. Egun batean eguzkia lanera joan zen eta ilargia eta Kukurruku bakarrik gelditu ziren.

Gaua etortzean ilargiak agindu zion Kukurrukuri abereak ekar zitzala ukuilura, baina Kukurrukuk egun osoan lanean jardun zuenez, ezetz esan zion. Ilargia erabat suminduta, bere neba gandorretik heldu eta lurrera jaurti eta zeruko erresumatik kanporatu zuen.

Eguzkiak, lanetik heldutakoan, ez zuen Kukurruku anaia ikusi eta ilargiari galdetu zion ea non zegoen. Honek egia esan eta eguzkiak haserre erantzun zion:

— Ilargi anderea, ezin zarenez inorekin bakean bizi, hemendik aurrera bakarrik biziko zara. Nik egunez egingo dut lan eta zuk gauez; horrela, ez dugu gehiago elkar ikusiko. Baina gure anaia Kukurruku ez da nitaz ahaztuko, eta ni egunez irteten naizenean, pozarren kantatuko dit eta gaua heldutakoan ezkutatuko da maite ez duen arreba ez ikusteko.

Geroztik, horrelaxe izan da beti. Eguzkia irtetean, oilarra kukurruku hasten da. Kukurruku hitzak, oilarren hizkuntzan zera esan nahi du: 

«Ni ere hemen nago, hemen nago».

Ilargia azaltzerakoan, kukurruku oilarra ezkutatu egiten da, lotara doa, haserre dagoelako zerutik kanporatu zuen arrebarekin.