«Zergatik ez duen ilargiak jantzirik», Antton Irusta
Autu-mautuan
Antton Irusta Zamalloa
BINKE / 2022ko uztaila
Zergatik ez duen ilargiak jantzirik
Autu-mautuan natorkizu. Aiko-maikoan, ilargiaren ipuin eder honekin. Behin batean, amarengana joan eta zera esan zion Ilargiak:
— Hara, ama, soineko bat eduki nahi dut. Lurreko biztanleek izaten dituzten bezalako soineko bat nahi dut.
— Ondo da, alabatxoa. Zoaz jostunarengana eta esaiozu neurriak hartzeko.
Esan eta egin. Jostunaren etxera joan zen Ilargia.
— Kaixo, jostun anderea. Soineko bat nahi nuke.
— Zatoz, neurriak hartuko dizkizut.
Eta jostunak neurriak hartu zizkion.
— Etor zaitez, berriro, bost egun barru.
Bost egun pasa ondoren, jostunaren etxera joan zen Ilargia. Soinekoa janzten hasi zen, baina…
— Hau da hau! Ezin dut soinekoa sartu, estuegia da.
— Ai, ene, gaizki josiko nuen. Itzul zaitez bost barru.
Eta hala, handik bost egunera, Ilargia itzuli eta soinekoa janzten saiatu zen.
— Baina, zer arraio gertatzen da? Berriro ere labur eta estu daukat.
— Badirudi berriro ere gaizki josi dudala. Hasieratik ekin beharko diot lanari. Zatoz bost egun barru.
Bost egunak igaro zirenean, soinekoa berriro josi zuen jostunak, hirugarren aldiz. Bat-batean, gorantz begiratzea bururatu zitzaion. Han goian, zeruan, Ilargia bete-betea ageri zen. Orduan konturatu zen alferrik egin zuela hirugarren soinekoa ere. Eskuak altxatu eta honela esan zion Ilargiari:
— Ilargi amandrea, ezin dizut soinekorik egin, orain laurdena, gero erdia eta ondoren osoa zarelako! Neurri asko hartu arren, inoiz ez duzu soinekoa ondo edukiko.
Horregatik geratu zen Ilargia soinekorik gabe.