«Zur eta lur geratu gara», Jon Kresporen senideak
Iritzia
Jon Kresporen senide eta lagunak
BINKE / 2022ko martxoa
Zur eta lur geratu gara
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Kresporen senide eta lagunak
Eraman egin dute. Zergatik? Jon gurekin zegoen, egunerokoa familiarekin eta lagunekin partekatzen zuen, egunero lan egiten zuen gure Udalak gizarteratzera bideratutako lanpostu batean, horretarako ezarritako baldintza guztiak errespetatuz. Normaltasuna nagusitzen ari zen, eta agerian uzten zuen gutxi falta zela atzean uzteko iragan gogorra gugandik urrun eta salbuespenezko bizi-baldintzetan. Baina progresio hori, bide hori, urrutitik moztu da.
Jon Kreporen euskal presoaren senide eta lagunak gara. Bere garaian 25 urteko kartzela-zigorra jaso zuen, eta dagoeneko 20 urte eman ditu estatuko hainbat espetxetan, sakabanatuta eta urrun, askotan bakartuta…
Irailaren amaieran, Duesoko (Kantabria) espetxeko Tratamendu Batzordeak hirugarren gradua eman zion, eta asteko egun bakoitza Galdakaon igarotzeko aukera eman zion (astelehenetik ostegunera soilik joaten zen lotara Basauriko espetxera), preso bakoitzaren baldintza zehatzak behatzeaz arduratzen direnen balorazioarekin bat etorriz. Orduz geroztik, espetxeko legediak ezarritako baldintzak onartzeaz gain, Jonek (eta, jakina, bere familiak eta lagunek) egoera berritik eratorritako eskakizunak errespetatu ditu, eta bere espetxe-egoeraren progresio positiboan jarraitzearen aldeko apustu irmoa egin du, baldintzapeko askatasunaren bidean.
Ildo horretan, aipatzekoa da Jonek urteak daramatzala espetxe-legediaren bidean, gradu-progresioa, horretarako baldintzak eta datxezkion eskubideak jorratuz. Horrek guztiak, normaltasun baldintza batzuetan, pixkanaka Euskal Herrira hurbiltzea ere ekarri du, Basauriko espetxera iritsi arte.
Espetxe normaltasun hori 400 kilometroko distantziatik hautsi dute, Auzitegi Nazionaleko fiskal baten esku-hartzearen bidez. Oso adierazgarria iruditzen zaigu Jonen egoera pertsonalaren, familiakoaren, sozialaren eta espetxeratuaren jarraipena profesionalki egiten duten pertsonek, hala nola espetxeko Tratamendu Batzordeko kideek, aho batez erabaki izana hirugarren gradua ematea espetxe-eskubide eta betebehar guztiekin, eta beste eragile batek, inoiz horrelakorik ezagutu ez duenak, esku hartzea normalizazio pertsonalaren eta sozialaren prozesu hori eteteko.
Gogora ekarri behar dugu duela hilabete gutxi Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu dituela espetxeen arloko eskumenak. Zalantzarik gabe, denok uler dezakegu pertsonen tratamenduarekin zerikusia duen guztiak, hau da, espetxean dauden pertsonen tratamenduak, zerikusi zuzena duela hurbiltasunarekin. Beti egongo da erabaki hoberenak hartzeko aukera gehiago hurbileko tratamenduarekin, erabakiak gertutik hartuta. Horretan laguntzen dute Tratamendu Batzorde hurbil baten lanak eta egoitza Gasteizen duten espetxe-eskumenek; Madrilen baino hobeto.
Baina 400 kilometrora dagoen hiri horretako fiskal bat iritsi da, hondeamakina bat orube batera bezala. Jonen bizitzaren normaltasunari eta eskubideei kalte handia eginez, Tratamendu Batzordearen lan-oinarriekin zerikusirik ez duten planteamendu ideologikoekin esku hartuz eta jada martxan zegoen itxaropen-, normalizazio- eta elkarbizitza-prozesu oso bat bertan behera utziz.
Horrela, berriro eraman dute Jon. Galdakaoko bizilagun bat, 2021eko urriaz geroztik egunero gure herrian zegoena, gizarteratzera bideratutako lanpostu batean jada lanean ari zena, Galdakaoko bizilagun bat, familia- eta gizarte-ingurune ezin zehatzagoa eta egonkorra zuena, hirugarren graduan sailkatu zuen espetxeko Tratamendu Batzordeak ezarritako baldintza guztiak errespetatzen zituena. Zergatik jolasten dira horrela Jonekin? Zergatik doako atzerakada hau bere egoeran, bere eskubideetan?
Ez da Jon Madriletik egindako esku-hartzearen ondorioen eraginpean dagoen bakarra. Handik, familiaren eta lagunen bizitza berriro baldintzatu da, Tratamendu Batzordearen erabakiak zalantzan jarri dira, eta Eusko Jaurlaritzak berak gizarteratzearen arloan iragarri dituen orientabideak ere zalantzan jarri dira. Era berean, uste dugu horrelako esku-hartzeek oztopatu egiten dutela normalizazioaren eta elkarbizitzaren bidea, denon interesekoa dena, eta hainbeste lan egiteke duena oraindik.
Jonen senide eta lagunok dei egin nahi dugu normaltasuna berrezartzera, Jonek aspalditik zeraman espetxe legediaren bideari berriro ekitera, eta Tratamendu Batzordeak berak eta Eusko Jaurlaritzak ezarri izan dituzten hurbileko irizpideak errespetatzera. Jon gure artean egon daiteke eta egon behar du, lan egin, ikasi, eta aurrera egin baldintzapeko askatasunerantz, eta normaltasun osoz gizarteratu. Bere eskubidea da, edozein presoren eskubidea den bezala.
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkizuegu Jon eta bere familiarekiko maitasun adierazpen ugariengatik. Jonen eskubideen kontrako esku hartze honi aurre egiten lagundu digute, eta haien alde lan egiten jarraitzera animatu gaituzte. Eskerrik asko! Jon etxera!