Usansoloko ospitaleko medikuen kontratuak «deuseztatu» dituztela salatu dute
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Etxaburu
Barrualde-Galdakao ESIko ospitaleetako larrialdietan zazpi medikuren kontratuak «deuseztatu» egin dituztela salatu du ELA sindikatuak, tartean Usansoloko ospitalekoak. Horren aurrean, prentsaurrekoa egingo dute gaur zenbait medikuk.
ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Osakidetzak Barrualde-Galdakao ESIko ospitaleetako larrialdietako zazpi fakultatiboren kontratuak deuseztatzea erabaki du, hau da, langileen %10 baino gehiago, «zerbitzu horretako lan-baldintza oso txarrak are gehiago okertuz».
Sindikatuaren arabera, erabaki horrek «pazienteen itxaronaldiak handitzea dakar nahitaez», baita «asistentziaren kalitatea murriztea ere», adierazi du ohar bidez.
ELAk ziurtatu du, gainera, neurriak ez duela «kontratazio-zerrenden araudia errespetatzen», izan ere, «kontratuak berritzeko baldintza Lehen Mailako Arretan lan egitea da, Galdakaoko ospitaleari ez ezik Osakidetza osoari ere eragiten dion egiturazko arazoa agerian utziz». Langileen defentsarako talde honen ustez, «lehen mailako arretaren gabeziak gaur egun beste zerbitzu batzuetan beharrezkoa den pertsonal medikoarekin estali nahi dira».
Hori dela eta, Usansoloko ospitaleko aldi baterako medikuek prentsaurrekoa eskainiko dute gaur eguaztena Bilbon, «egoeraren eta, oro har, osasun-zerbitzuarenaren berri emateko».