Usansolo Herria taldea Galdakaoko udal-hauteskundeetara aurkeztuko da berriz
TESTUA: Irati Alonso
ARGAZKIA: Oskar Matxin Edesa/Foku
Usansoloko Udala eratzeko hauteskundeak ezin izango dituzte egin aurtengo maiatzean, Espainiako Abokatutzak Usansoloren segregazioari jarritako helegitearen ostean. Honen ondorioz, Usansolo Herria plataforma Galdakaoko udal-hauteskundeetara aurkeztuko da berriz.
Galdakaoko udalbatza osatzen duten talde guztiak aurkeztuko dira maiatzean egingo diren udal-hauteskundeetara. Usansolo Herria plataforma ere aurkeztuko da Galdakaon, Estatuko Abokatutzak Usansoloko segregazioari helegitea jarri eta Udala eratzeko prozesua geldiarazi ostean.
Usansolo Herria 2011an aurkeztu zen lehen aldiz udal-hauteskundeetara Usansoloren segregazioa aurrera eramateko proiektuarekin eta ordutik udalbatzan bi ordezkari mantentzea lortu du beti. Gaur egun Udal Gobernuaren parte dira, 2019an EAJk hauteskundeak irabazi arren EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemos taldeak koalizioa sortzeko akordio batera heldu eta gero.
EH Bilduko Iñigo Hernando alkatea da honen burua, EH Bilduren sei zinegotziekin, Auzoak taldeak hiru ditu, Usansolo Herriak bi eta Podemosek bakarra.
Agustin Aizpuru eta Iñaki Urgoiti dira Usansolo Herriaren zinegotziak egun eta plataformak ez du ezagutzera eman oraindik maiatzeko udal-hauteskundeetara aurkeztuko den zerrenda.