«Betiko leloa», Jasone Zamalloa
Jasone Zamalloa Urtiaga
BINKE / 2018ko ekaina
Betiko leloa
Garraio publikoa, azken urteotan gure herrian zeresan handia ematen duen gaia eta aurrerapausorik lortzen ez duena. Hori da nire definizioa. Lehenengo metroa hitzeman ziguten eta badirudi orain proiektu finkorik egon ez eta trena dela promesten digutena. Orain hau sinetsi beharra daukagu? Egia esan trena indartzea beti defendatu izan dudan ideia bat da, hainbat direlako honek ekarri ahal dizkigun onurak. Gogoratu dezagun, Bilborako noranzkoan ez doan jende asko eta asko dagoela herrian eta trenak beste helmuga batzuetara iristeko aukera ematen digula. Honez gain, gaur egun Euskotren eta Bilboko Metroaren arteko lotura estua da eta euren arteko elkarreragina posiblea da. Guzti hau eraginkorra izateko ezinbestekoa da tren geltokirarte hurreratu ahal izateko lanzadera bat, edo zergatik ez, gure herriak hain beharrezko duen eta auzoak isolaturik utziko ez lituzkeen hiritarteko autobusa. Honen faltan, porrotera bideraturiko beste proiektu baten aurrean gaude. Utzi ditzagun alde batera sigla batzuen atzean doazen gure arteko iskanbilak eta egin dezagun herriaren alde, gutxiago promestuz eta bukaera duten proiektuak sortuz.