Usansoloko Erraldoien konpartsa berria aurkeztuko du zapatuan Usgaldu elkarteak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Bizkaiko Erraldoiak
Usgaldu elkarteak Usansoloko Erraldoien konpartsa berria aurkeztuko du zapatuan, martxoak 11. Unkina plazako karpan egingo du 19:00etan eta txarangarekin ibilbidea ere egingo dute. Albiste honetan batu dugu antolatu duten egitarau osoa.
Jai giroa biziko dute berriz Usansolon zapatuan, martxoak, 11, Usgaldu elkartearen eskutik. Taldeak, Galdakaoko Udalaren eta Bizkaiko Gaiteroak taldearen babesarekin, Usansoloko Erraldoien konpartsa berria aurkeztuko du. Horretarako, arratsaldean zehar egingo den egitaraua antolatu du.
Arratsaldeko 18:00etan hasiko dira, Ondalan erraldoien eskutik antolatu duten kalejirarekin. Arlo Baltza plazan hasiko da eta Usansoloko kaleetan zehar ibiliko dira.
Jarraian, 19:00etan, Usansoloko Erraldoien konpartsa aurkeztuko du Usgaldu elkarteak Unkina plazako karpan. Amaitzeko, 20:00etatik aurrera, Iruñeko Jarauta69 txarangak erritmoa jarriko du Usansoloko kaleetan zehar.
Usgaldu elkartetik hitzordura batzera animatu dute. «Zatoz gu ezagutzera!», adierazi dute sare sozialetatik.