«Eusko Level», Errupin Jauregi
Errupin Jauregi Barrenetxea
BINKE / 2016ko uztaila
Eusko Level
Bertako gazte ugarik, ez du euskal txoko edota kultura ondo ezagutzen. Agian kasualitatez, baina noiz edo noiz galdetu izan diet hurbileko gazteei euskal lurralde eta hiriburuak izendatzeko eta ez da hain erraza suertatu erantzun egokiak entzutea.
Benito Lertxundiren galdera eginda: «Zenbat gera? Lau, bat, hiru, bost, zazpi?» gehienek zazpi erantzuten dute pentsatu gabe, agian abestia entzutearen intuizioz. Baina ondo, hala ere. Bigarren galdera aldiz, hain errez ezin izaten dute erantzun: eta zeintzuk dira euskal lurraldeak? «Bizkaia, Nafarroa, Gipuzkoa, Araba, eee, Nafarroa Behera, eee, eta beste bi…».
Hauetako askok, Agur Xiberua! ere abesten dute, Xiberua non dagoen edota zer den jakin gabe.
Honi guztiari pasa den ekainaren 26ko hauteskunde orokorren emaitzak gehituko nizkioke. Agian bata bestearen ondorio da, edo bai behintzat lotuta doazen bi faktore. Eta politikoki ere igartzen da, batzuek, Euskadi defendatzeko, berrizteko, hobetzeko, askatzeko… egokiena Espainiar estatuko alderdi politikoak bozkatzea aukeratu zutelarik.
Nire ustez, aurrera egin ahal izateko, batu egin behar gara, lurralde guztiak herrialde bakar bihurtuz. Zazpi ezezagun izan beharrean, Aberri ezagunena izateko. Europa eta Mundu mailan aitortuak.