Galdakaoko Udalak 18 eta 35 urteko gazteentzako alokairurako dirulaguntzen deialdia ireki du bigarrenez. 570 eurora arteko laguntza jaso ahalko dute, iaz baino 170 euro gehiago.
Gazteentzat emantzipazioa gero eta zailagoa dela kontuan hartuz, prozesuan laguntza eskaintzeko neurriak jarri zituen martxan iaz Galdakaoko Udalak.
Neurri horiekin jarraituz, alokairua ordaintzeko dirulaguntzen bigarren deialdia ireki du Galdakaok. Eskaerak egiteko epea zabalik dago dagoeneko, eta azaroaren 9ra bitarte egin daitezke Udalaren egoitza elektronikoan edo ESAN herritarren arretarako bulegoan.
Dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte Galdakaon ohiko bizilekua alokairuan duten eta deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten 18 eta 35 urte bitarteko gazteek.
Jasoko den zenbatekoari dagokionez, eskatzailearen diru sarreren eta alokairuaren prezioaren araberakoa izango da. Alokairuaren %10 eta %60 artean jaso ahal izango dute, eta gehienez 570 euro, aurreko urtean baino 170 euro gehiago.
Alokairuaren hileko prezioak, nolanahi ere, ezin izango du 950 eurotik gorakoa izan, eta kontratuak gutxienez urtebeteko iraupena izan beharko du.
Laguntza ekonomikoaren bidez, 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarteko alokairu gastuak lagundu ahal izango dira. Beraz, beharrezkoa da ordainagiriak gordeta izatea, eskaera egiterakoan eskatuko baitira. Halaber, alokairu kontratua, etxebizitzaren jabea ez dela ziurtatzen duen agiria eta alokairuaren ordainketak egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dira, besteak beste.
Datozen urteei begira dirulaguntza hauek mantentzeko asmoa du Udal honek eta, beraz, aurrera begira ere ordainagiriak gordetzeko gomendatzen die gazteei.
Baldintzak
Dirulaguntza eskatzeko baldintza nagusien artean honako hauek daude:
- 18 eta 35 urte bitartekoa izatea, biak barne
- Galdakaon erroldatuta egotea
- Eskaera egin aurreko 18 hilabeteetan jarraian herrian erroldatuta egotea edo, bestela, Galdakaon erroldatuta zazpi urteko antzinatasuna metatuta izatea
- Etxebizitza jabetzan ez izatea, ez eskatzaileak ezta haren bizikidetza unitateko beste kideek ere
- Gutxienez 12 hilabeteko iraupena duen alokairu kontratuaren titularra edo titularkidea izatea; etxebizitzak Galdakaon egon behar du, ohiko eta etengabeko bizilekua izan behar du, eta ezin da hilean 950 eurotik gorako alokairurik izan
- Diru sarrerek IPREM adierazlearen araberako mugen barruan egon behar dute
- Alokairuaren ordainketak banku bidez egitea edo ordainketa egiaztatzen duen banku agiria izatea
- Galdakaoko Udalarekin zergen, tasen, ordainarazpenen eta isunen ordainketetan egunean egotea
- Alokatzailearekin edo haren bizikidetza unitateko kideekin bigarren mailara arteko odolkidetasun edo ezkontza ahaidetasun loturarik ez izatea
Galdakaoko Udalak 50.000 euro bideratu ditu guztira dirulaguntza horietara.




