Aperribaiko auzokideekin bildu zen Iñigo Hernando EH Bilduren alkategaia
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EH Bildu Galdakao
Maiatzeko udal hauteskundeetan aurkeztuko duen programa herritarrekin batera prestatzen ari da Galdakaoko EH Bildu. Atzo Aperribaiko auzokideekin bildu zen Iñigo Hernando alderdiaren alkategaia, eta hauen «ekarpen baliotsuak» batu zituen.
Maiatzean antolatuko diren udal hauteskundeetan aurkeztuko duen programa prestatzen murgilduta dago Galdakaoko EH Bildu. Horretarako, herritarrekin eta elkarteekin bilerak egiten ari da aste hauetan zehar.
Besteak beste, Binkek jaso zuen moduan, gai ezberdinak jorratzeko hiru entzute-saio antolatu dituzte martxoan. «Lau urte hauetan, EH Bilduk herritarren parte-hartzeari ateak ireki dizkio eta, ondorioz, datozen hauteskundeetarako gure hauteskunde programa gure bizilagun eta elkarteekin batera egitea ere nahi dugu», azaldu zuten saioak iragarri zituztenean.
Helburu honekin jarraituz, Iñigo Hernando EH Bilduko alkategaia Aperribai auzo elkarteko kideekin bildu zen atzo. «Aperribai auzoan lan handia egin da azken lau urteetan, baina oraindik ere badago zer egin, eta ekarpen baliotsuak egin dituzte auzotarrek», azaldu zuen alderdiak bileraren ostean.
Galdakaoko EH Bilduk adierazi duenez, giro «ezinhobean» egin zioten harrera Aperribaiko auzokideek egungo alkateari.