Galdakao Boleibol Taldea: «Boleibolaren osasuna goraka doanaren seinale izan gaitezke»
Galdakao Boleibol Taldea
BINKE / 2019ko urria
«Boleibolaren osasuna goraka doanaren seinale izan gaitezke»
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko Boleibol Taldea Lehenengo Maila Nazionalera igotzea lortu zuten; eta hori gutxi balitz, oraintsu Euskadiko txapeldunak izatea ere. Sakrifizioaren eta talde-lanaren adierazgarri garbiena dira, mutilen boleibola ikusezin izatetik goi-mailara eramatea lortu dutelarik. Zorionak!
Ezer baino lehen: zorionak! Gustura egindakoarekin? Eskerrik asko! Lehen kontaktua izan da lehiaketekin, oraindik aurredenboraldian baigaude. Hala ere, horrelako garaipen batek satisfazio handia ematen du, bai emaitzagatik baita denboraldirako bide onean gaudenaren seinale delako ere.
Pasa den denboraldian, zein izan duzue egoerarik gogorrena? Oso ondo hasi genuen denboraldia eta gauzak nahi bezala irtetzen zitzaizkigun hasieran. Baina partidak jokatu ahala lesioak eta bajak izan genituen; horrek emaitzetan eragin txarra izan zuen. Seguruenik hori izan zen gogorrena…
Euskadiko txapeldunak, zer suposatzen du zuentzat? Hasteko Euskadiko onenak garelaren ohorea dakar horrek, eta bestaldetik denboraldirako itxaropena. Kiroldegian zein autobusean giro ederra izanez ospatu genuen, baina gehienok ohera goizetik joaten ospatu genuen (barreka). Hurrengo egunean goizeko seiretan altxatu behar izateak, eta hainbeste norgehiagoka jokatu osten, gorputzak leher eginda amaitzen du! Baina pozik!
Zer egin behar da Euskadiko onena izateko? Garrantzitsuena klubarekiko sakrifizioa da, konpromezua eta gogor entrenatzea. Baina ez da txarra onartzea aurten jokalari oso onak ditugula.
Mutilen boleibola ez omen dago osasun onean, baina Galdakaon osasuntsu al dago? Argi dago ez dela jende asko mugitzen duen kirol bat, baina Euskal Herrian egoera hobera doa, jende berriari eta agertzen doazen talde berriei esker. Galdakao gauzak goraka doazenaren eta boleibolaren osasuna, emakume zein gizonezkoena, hobetzen dagoenaren adibide izan daiteke.
Zeintzuk dira zuen hurrengo erronkak? Taldeari begira, liga da erronka. Hilabete bat baino arinago hasiko da eta gogotsu bagaude ere, zuhur ibili behar gara gogorra izango baita lortu nahi dugun maila gorenetan egotea. Klubari erreparatuz, esku artean ditugun berritasun eta proiektu ugariko urtea izango da eta gogotsu gaude erronka guzti horiei ekiteko!
Erronka horiek betetzeko zer beharko duzue? Dudarik gabe, lagutza ekonomikoa ezinbestekoa da eta horretan diardugu. Edozein laguntza ongi etorria da eta uste dugu inbertitzeko aukera ona garela.Publikoaren laguntza izatea ere gustatuko litzaiguke… Lortuko dugula uste dugu. Eskerrik asko!