Euskadiko Boleibol Superkopa hartuko du zapatuan Urreta kiroldegiak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Urreta kiroldegiak Euskadiko Boleibol Superkopa hartuko du zapatuan, apirilak 22, Galdakao Boleibol Taldeak antolatutako hitzorduan. Gaur aurkeztu dute txapelketa Joseba Mikel Aramaio Galdakao Boleibol Taldeko presidenteak eta Elisdan Serrano talde galdakoztarraren kirol-zuzendariak, Dani Gálvez Euskadiko Boleibol Federazioko arduradunarekin batera.
Boleibolak leku berezia izango du zapatu honetan Galdakaon, izan ere, Urreta kiroldegiak Euskadiko Boleibol Superkopa hartuko du. Aurten 50. urteurrena ospatzen duen Galdakao Boleibol Taldeak antolatuko du hitzordua eta Udalaren eta Euskadiko Boleibol Federazioaren laguntza izango du.
Gaur aurkeztu dute txapelketa Joseba Mikel Aramaio Galdakao Boleibol Taldeko presidenteak eta Elisdan Serrano talde galdakoztarraren kirol-zuzendariak, Dani Gálvez Euskadiko Boleibol Federazioko arduradunarekin batera.
Azaldu dutenez, txapelketa formatu honetan jokatzen den lehen aldia izango da hau. Orain arte gizonezkoen eta emakumezkoen Euskadiko Txapelketa Absolutuak egin izan dituzte baina 2022ko edizioan «egiaztatu ahal izan genuen ezin genituela txapelketa horiek kudeatu, izena eman duten taldeen kopurua kontuan hartuta». «Zaila zen horiek egiteko kirol-pista aurkitzea, bi egun baino gehiago behar genituelako kiroldegi bat eskura izateko», adierazi du Gálvezek.
Horregatik, aurten Euskadiko Superkopa eta Euskadiko Kopa gizonezkoen eta emakumezkoen maila absolutuetan antolatzeko «premia» ikusi dute, final four formatuan.
A Mailako Euskadiko ligetan, emakumezkoetan eta gizonezkoetan, lehenengo lau postuen artean sailkatu diren taldeek parte hartu dezakete Galdakaon ospatuko den txapelketan. Euskal taldeek ordea, emakumezkoak zein gizonezkoenak, Espainiako Boleibol Errege Federazioko Superliga edo Ligetako lehiaketetan parte hartzen badute, Superkopan izateko aukera dute, eta, beraz, euskal ligetan sailkatutako bi edo hiru taldek baino ez dute parte hartuko.
Hori da, hain zuzen ere, emakumezkoen Superkopa honen kasua, zeinetan Euskal Herriko A Mailako 1. Mailako Ligan sailkatutako lehen hiru taldek bakarrik parte hartzen dute, Sestaok RFEVBko emakumezkoen 2. Superligan parte hartzeagatik berezko eskubidea duelako.
Horrela, hauek izango dira Urreta kiroldegian zapatuan batuko diren taldeak:
Euskadiko Emakumezkoen Superkopa:
- Sestao
- Getxo Boleibol Taldea
- Vialki Jatorkide
- Galdakao Boleibol Taldea
Euskadiko Gizonezkoen Superkopa:
- Galdakao Boleibol Taldea
- Navarvoley
- Udapa Jatorkide
- Sestao
Aramaiok Galdakao Boleibol Taldearentzat txapelketa hau antolatzea «oso berezia» dela aitortu du. «Gure 50. urteurrenean horrelako hitzordua antolatzea oso polita da», adierazi du.
Euskadiko Boleibol Federazioak bere aldetik, egindako lana eskertu nahi izan dio klub galdakoztarrari: «Taldeak igoera lortzea nahi dugu eta espero dugu, aldi berean, Euskadiko boleibolaren ordezkari den klub handi hori izaten jarraitzea».