Unai Gomez eta Asier Arregi usansolotarrak, ‘Mihiluze’ saioko lehiakide
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: ETB-1
Unai Gomez eta Asier Arregi usansolotarrek ETB-1eko ‘Mihiluze’ saioan parte hartu zuten atzo. Programaren bigarren fasera heltzea lortu zuten eta hortaz berriz lehiatuko dute gaur, 21:30ean.
Euskara eta hitzen jolasak uztartzen dituen ‘Mihiluze’ saioa bueltan da ETB-1en. Ilaski Serrano eta Antton Telleriaren eskutik, lehiakideek hitz-jokoak asmatu behar dituzte dirua eskuratzeko.
Gaueko 21:30ean emititzen da astean zehar eta atzo bi usansolotarrek parte hartu zuten: Unai Gomez eta Asier Arregi. Gazte biek 25 urte dituzte eta Dekantuz kuadrila galdakoztarreko kide dira. Beste bi bikoteren kontra aritu ziren eta 554 euroko zakua irabazten saiatu ziren.
Lehen fasean bi bikote onenen artean geratu ziren, hortaz, bigarren fasean parte hartu ahal izan zuten. Honetan aldiz, ezin izan zituzten Ane eta Beñat garaitu. Hala ere, Unaik eta Asierrek gaur izango dute zakua irabazteko aukera berri bat, 21:30ean.