Aperribaiko zenbait kale itxi dituzte hiri-autobusaren ibilbidera egokitzeko
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Hiri-autobus zerbitzua laster jarriko da martxan Galdakaon eta autobusak Aperribaitik pasatu ahal izateko, zenbait kaleren noranzkoak aldatu behar dira. Horretarako lanak hasi dira eta barikura bitarte kale hauek itxita egongo dira.
Laster jarriko da martxan Galdakaon hiri-autobusa. Zerbitzua herriko hainbat auzotatik eskainiko da, tartean Aperribai, eta horretarako egokitze lanak egin behar direla azaldu du Galdakaoko Udalak.
Zehazki, kale batzuen noranzkoa aldatu behar da autobusaren ibilbidea eratzeko eta jada hasi dira egiteko honetarako lanak. Honen ondorioz Aperribai kaleko 11 zenbakitik 17ra doan kalea trafikoarentzat itxita egongo da barikura, ekainak 23, bitarte.
Tarte horretan auzokoei eta bertan lokalak dituztenei bakarrik utziko zaie kale hori erabiltzen. Lanak behin amaituta eta kalea zabaltzen den momentutik, kalearen noranzkoa aldatu egingo da.