Sagarminaga eta De la Hera, garaile Batalla de Rande txapelketan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Batalla de Rande
Ekainaren 10ean Batalla de Rande igeriketa txapelketa antolatu zen Vigoko itsasadarrean eta ehundaka kirolari batu zituen hitzorduak, tartean bi galdakoztar. Andrea de la Herak garaipena lortu zuen emakumeen artean eta Iskander Sagarminaga azkarrena izan zen neopreno gabeko kategorian.
Ehundaka igerilari batu ziren ekainaren 10ean Vigoko itsasadarrean Batalla de Rande txapelketan parte hartzeko. Jada tradizio bihurtu den lehiaketak giro berezia bizi izan zuen aurten ere eta bi galdakoztar izan zituen protagonisten artean: Iskander Sagarminaga eta Andrea de la Hera.
De la Hera garailea izan zen emakumeen artean 27 kilometroko ibilbidean 06.48:00ko denborarekin, eta horrela, 2022an lortutako txapeldun titulua berrestea lortu zuen. Bigarren postuan Patricia Agüera iritsi zen, 7.26:19ko denborarekin eta hirugarren postua Cristina Vallespirentzat izan zen.
Sagarminaga ordea azkarrena izan zen neopreno gabekoen artean 7.29:16ko denborarekin. Bigarren Oscar Sole izan zen eta hirugarren José Eduardo do Amaral.