Auzoak-en batzarrak plataformaren ibilbidearen ebaluazioa egin du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Auzoak taldea
Duela lau urte aurkeztu zen lehenengoz Auzoak plataforma Galdakaoko udal-hauteskundeetara eta denbora honetan egindako ibilbidearen ebaluazioa egin du taldearen batzarrak orain. Helburua «etapa berri honetan hobetzea» da eta hiru ondorio nagusi atera dituzte. Albiste honetan batu ditugu ondorioen xehetasunak.
Auzoak plataforma duela lau urte sortu zen Galdakaon eta 2019ko udal-hauteskundeetara aurkeztu ziren, lau zinegotzi lortuz. EH Bilduko sei kide eta Usansolo Herriako birekin batera Udal Gobernua osatu zuten orduan, aurtengo maiatzaren 28an hauteskundeak berriz antolatu ziren arte.
Azken udal-hauteskunde hauetan ordea bi zinegotzi baino ez dituzte lortu, baina Udal Gobernuaren parte dira berriz EH Bilduko bederatzi eta Usansolo Herriako bi kiderekin batera. Iñigo Hernando da Udalaren burua eta ekainaren 17an hartu zuen kargua alkate bezala, Binkek jaso zuen moduan.
Paper garrantzitsua izan du beraz Auzoak plataformak Udal Gobernuen eraketan azken bi legegintzaldietan eta honen ebaluazioa egin nahi izan du taldek lau urte betetzean. Plataformaren batzarrak ibilbidearen azterketa egin du, «etapa berri honetan zuzendu eta hobetzeko» helburuz.
Hiru izan dira batzarrak ateratako ondorioak, plataformak sare sozialen bitartez ezagutzera eman duenez. Batetik, Udalean egindako lana baloratu dute: «Esleitu zaizkigun arloetan lan handia egin dugu, hartutako helburu eta konpromiso guztiak betetzen saiatuz. Konpromiso horrek bigarren maila batean utzi zuen, ezinbestean, udaletxetik kanporako lana».
Alderdi komunikatiboari dagokionez, desprestigio eta jazarpen kanpaina baten biktima izan direla salatu dute, eta ez dutela «behar bezala erantzun» aitortu dute. Halaber, hauxe adierazi dute: «Udaletik gobernu-taldearen komunikazioari eman zaion ikuspegiak ez die mesederik egin gurea bezalako talde txikiei».
Azkenik, «Galdakaon ez ezik orokorrean ere egiaztatzen den politikarekiko gero eta abstentzio eta desafekzio handiagoak gure indarra ahuldu zuten hauteskundeetan», adierazi du plataformak.