ETS, Iseo & Dodosound, EH Sukarra eta Esne Beltza taldeak arituko dira Santakurtzetan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Binke
Santakurtzak irailaren 8tik 17ra ospatuko dira aurten eta guztira 157 ekintza antolatuko direla iragarri du Udalak. Oraindik ez du egitarau osoa argitaratu baina kontzertuak zehaztu dituzte: ETS, Iseo & Dodosound, EH Sukarra eta Esne Beltza.
Irailaren 8tik 17ra ospatuko dira aurtengo Santakurtzak Galdakaon eta Udalak atzo egindako agerraldian iragarri zuenez, 157 ekintza antolatuko dira guztira aste osoan zehar. Horien artean 38 txaranga, antzerki, zirku eta antzeko ikuskizunak izango dira eta 33, kirol ikuskizunak. Halaber, gastronomia eskaintza «oparoa» egongo da.
Oraindik ez dute egitarau osoa argitaratu baina Udalak ezagutzera eman zuen atzo zein kontzertu ikusteko aukera izango duten galdakoztarrek. Binkek jaso zuen moduan, kontzertu nagusia En Tol Sarmiento talde arabar ezagunak eskainiko du irailaren 16an, Udalak eta Jai Batzordeak erabakita.
Galdakon arituko diren gainontzeko taldeak aldiz herritarrek aukeratu dituzte eta hauek izan dira hautatuak: Iseo & Dodosound, EH Sukarra eta Esne Beltza.
Gainera, aurten, berrikuntza moduan, ‘Etxeko Plaza’ ekimena antolatuko da Santakurtzetan eta herriko talde eta musikariek aukera izango dute herriko jaietan jotzeko.