Galdakaoko Udalak helegitea jarri du Usansolo udalerri gisa inskribatzeari emandako ezezkoari
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Usansoloko kudeaketa batzordeak Usansolo udalerri gisa inskribatzeko eskaera egin zuen baina Madrilgo Toki Erakundeen Erregistroak ezezkoa eman zuen. Madrilgo Auzitegi Nagusian erabaki honen kontra helegitea jarri duela jakinarazi du Galdakaoko Udalak.
Usansolon egindako galdeketa eta Bizkaiko Batzar Nagusiek azaroan hartutako erabakia oinarri hartuta, Usansoloko kudeaketa batzordeak udalerri gisa inskribatzeko eskaera egin zuen baina ezezko eranztuna jaso zuen Madrilgo Toki Erakundeen Erregistrotik.
Erabaki honen aurrean Madrilgo Auzitegi Nagusian helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du orain Galdakaoko Udalak. «Helegitea aurkezteko argudio nagusia da eratzen diren udalerri berriak inskribatzea dela Toki Erakundeen Erregistroaren eginbeharra, eta beraz, bere zeregina ez dela dagozkion organoek, kasu honetan Batzar Nagusiek, hartutako erabakiak berrikustea», adierazi dute Udaletik.
«Usansolotarren nahia bete dadin eta Usansolo Bizkaiko 113. udalerri gisa behin betiko eratu dadin lortzeko lanean jarraituko du Galdakaoko Udalak», azpimarratu dute. Bide horretan, Udala Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Usansoloko kudeaketa batzordearekin batzartu zen uztailean, «guztien interesen alde estrategiak koordinatuta aritzeko».