Usansoloko kudeaketa batzorde berria urriaren 5ean eratuko da Txapelena baserrian
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EITB
Maiatzaren 4an eratu zen Usansoloko Udalaren funtzioak betetzen dituen kudeaketa batzordea. Maiatzaren 28an antolatu ziren udal-hauteskundeen emaitzen ondorioz ordea, ordezkariak aldatu dira eta oraingoan Usansolo Herria plataformako zortzi, EAJko bi eta EH Bilduko kide bat izango du. Urriaren 5ean eratuko da kudeaketa batzorde berria Txapelena baserrian egingo den ekitaldian.
Maiatzaren 4an egun historikoa bizi zuten usansolotarrek: Usansoloko Udalaren funtzioak betetzen dituen kudeaketa batzordea eratu zen. Agustin Aizpuru buru, Usansolo Herria plataformako zortzi kide eta EAJ-PNVko bik osatu zuten batzordea.
Talde bakoitzaren kide kopurua 2019ko udal-hauteskundeen emaitzen arabera zehaztu zuen Hauteskunde Batzorde Zentralak. Kide kopuru hau ordea maiatzaren 28an antolatu ziren udal-hauteskundeen emaitzen ondorioz aldatu da.
Oraingoan Usansolo Herria plataformako zortzik, EAJ-PNVko bik eta EH Bilduko kide batek osatuko dute kudeaketa batzorde berria.
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Usansoloko kudeaketa batzorde berria eratzeko ekitaldia urriaren 5ean izango da, 18:00etan, Txapelena baserrian. Bertan, era berean, batzordeburua hautatuko da.
Horrela, Espainiak Usansolo Toki Erakundeen Erregistroan inskribatzea ukatu zuen arren, 113. udalerria izateko prozesuan beste pauso bat emango da urriaren 5ean.