Zabalea eta Bengoetxe auzoen inguruko dokumentalak estreinatu dituzte
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jabi Rojo
Azken hamarkadetan auzoek izan duten aldaketa ezagutzera emateko asmoz, Zabalea eta Bengoetxeko auzokideen testigantzak batzen dituzten dokumentalak estreinatu dituzte Torrezabal Kultur Etxean. Urrian zehar beste lau proiekzio egingo dira.
Asko aldatzen ari dira hiri eta herriak azken hamarkadetan eta Galdakaon ere gune eta txoko berriak eratu dira azkenaldian. Zabalea eta Bengoetxe auzoak esaterako oso ezberdinak dira gaur eta izan duten garapena ezagutzera emateko asmoz, auzokideen testigantzak batu zituzten abuztuan.
Elkarrizketa hauek bi dokumentaletan batu dituzte, bat auzo bakoitzeko, eta dagoeneko estreinatu dira. Zabaleari buruzkoa urriaren 8an proiektatu zuten lehen aldiz eta Bengoetxekoa 10ean.
Saioetan bizilagunen esperientziak entzun ahal izan ziren eta dokumentalen ondoren solasaldi atsegina izan zen protagonisten eta ikusleen artean, atzoko eta gaurko bizimoduen arteko diferentzien inguruan hitz eginez.
Beste bi proiekzio egingo dira dokumental bakoitzeko urrian zehar Torrezabalen. Zabaleakoa hilaren 17 eta 31n proiektatuko da 19:30ean eta Bengoetxekoa 24 eta 29an, 19:30ean eta 12:00etan hurrenez hurren.