Berdintasunerako XVIII. Jardunaldiak antolatuko dira Torrezabalen azaroaren 8 eta 9an
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: M. M. O.
Galdakaoko Udalak Berdintasunerako XVIII. Jardunaldiak antolatuko ditu Torrezabal Kultur Etxean azaroaren 8 eta 9an. «Zaintza sistema, esperientziak eta utopiak» izango da aurtengo leloa.
Urtero antolatzen dituen Berdintasunerako Jardunaldien hamazortzigarren edizioa antolatuko du Galdakaoko Udalak azaroaren 8 eta 9an. Torrezabal Kultur Etxean izango dira eta «zaintza sistema, esperientziak eta utopiak» izango da leloa.
Jardunaldien helburua «feminismotik aztertzea eta eztabaidatzea, historikoki ikusezinak, etxeko eremura baztertuak eta emakumeei egotziak diren zaintzak» izango da eta hauek izango dira hizlariak hamazortzigarren edizio honetan: Matxalen Legarreta, Uzuri Castelo, Yayo Herrero López eta Maria Viadero Acha.
Halaber, zaintzaileen esperientziak «bertatik bertara entzuteko» aukera izango da eta Erabide taldearen ‘El peso sobre mi’ dokumentala proiektatuko da.
Zaintzari buruzko proiektu berritzaileak ezagutu ahal izango dira ere, Usurbilekoa eta Hernanikoa, esaterako. Mahai inguru honetan Galdakaoko Elkarlaguntza sareak ere parte hartuko du.
Azkenik, jardunaldietan zehar ‘El Espejo’ argazki erakusketa ikusi ahal izango da.
Jardunaldietan parte hartzeko izena eman daiteke honezkero Udalaren webgunean, Torrezabal kultur etxean aurrez aurre edo 94 401 05 28 telefonora deituta.