Alex Txikon eta Kepa Junkera izango dira bihar Torrezabal Kultur Etxean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Binke
Alex Txikon mendigoizaleak bere bizipenei buruzko hitzaldia eskainiko du bihar Torrezabal Kultur Etxean, ‘Kaskoa buruan eta ibili munduan’ izenpean. Hitzordua Galdakao Txirrindulari Elkarteko Gelak antolatuko du eta gonbidatu bi izango ditu: Kepa Junkera musikaria eta Ghulan Murtaza pakistandarra.
Hainbatetan izan da Alex Txikon mendigoizalea Galdakaon bere esperientziak azaltzen. Besteak beste, apirilean ‘Mundu bat motxilan. Alex Txikonen menditazioak’ bere azken liburua aurkeztu zuen Torrezabal Kultur Etxean.
Bihar berriz izango da Galdakaoko aretoan, Galdakao Txirrindulari Elkartearen Gelak antolatutako ‘Kaskoa buruan eta ibili munduan’ saioan. Honetan bere bizipenen inguruan hitz egingo du eta kasu honetan bi gonbidatu izango ditu.
Batetik, Kepa Junkera musikaria izango da, izan ere, antolatzaileen esanetan, «gure kultura urrun eraman duten bi pertsona dira Txikon eta Junkera».
Bestalde, Ghulan Murtaza pakistandarrak bere istorioa azalduko du Torrezabalen. Bi mendizale mexikarrek zamaketa lanak egiteko kontratatu zuten Murtaza, baina bakarrik utzi zuten Broad Peaken. Hatzetan izozketak jasan zituen eta hauetatik sendatzeko etorri zen Euskal Herrira Txikonen laguntzarekin.