Berbalagun ekimenaren aurkezpen jaia antolatuko dute Galdakaon azaroaren 14an
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Binke
Herriko euskal hiztunak eta euskara ikasten ari direnak batzeko helburuz antolatzen den Berbalagun egitasmoaren aurtengo ikasturtea martxan jarri zen duela hiru aste. Aurkezpen jaia ordea azaroaren 14an egingo dute Ganguren tabernan eta ekimenaren parte-hartzaileak batuko dira hitzorduan.
Aurten ere Berbalagun ekimena antolatuko da Galdakaon, Udalaren eta euskaltegien eskutik. Ikasturte honetako programa honezkero martxan da eta duela hiru aste aurkeztu zuten Basaurin, izan ere, eskutik aritzen dira Berbalagun programan Galdakao eta Basauri.
Berbalagun egitasmoaren aurkezpen jaia ordea Galdakaon antolatuko dute martitzenean, azaroak 14. Ganguren tabernan izango da 18:30etatik aurrera eta musika, janaria eta jolasak izango dira. Hitzorduan ekimeneko arduradunak eta Berbalagun taldeetan parte hartzen duten herritarrak izango dira.
BINKEk jaso zuen moduan, Berbalagun taldeak astean behin batuko dira goizez zein arratsaldez eta kafe bat hartzeaz gain, beste ekintza batzuk jorratzeko taldeak sortu dira, besteak beste, mus, paseo, mendi eta eskulan taldeak.