Oier Ibarretxe galdakoztarrak Europako Boxeo Txapelketa irabazi du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Espainiako Boxeo Federakuntza
Oier Ibarretxe galdakoztarrak Montenegron antolatu zen Europako Boxeo Txapelketa irabazi zuen atzo, 22 urtez azpiko mailan. Gaztea 63,5 kg azpiko kategoriako finalean garaile izan zen Lasha Gagnidze georgiarra irabazi ostean.
Sasoi bikainean dago azkenaldian Oier Ibarretxe galdakoztarra. Ekainean Melillan antolatu zen Espainiako Boxeo Txapelketa irabazi zuen elite kategorian eta asteburu honetan aldiz 22 urte azpiko Europako Boxeo Txapelketan parte hartu zuen, Montenegron.
Ibarretxek 63,5 kg azpiko kategorian lehiatu zuen eta txapelketa ona egin ostean finalerako sailkatzea lortu zuen. Atzo izan zen finala eta galdakoztarra Lasha Gagnidze georgiarraren kontra aritu zen, garaipena lortuz.
Espainiako Federakuntzaren esanetan, «Gadnidzek borroka taktikoagoa planteatu zuen». «Puntuazioak, hiru erasoetan zehar, berdinduta joan ziren, baita ekintzak ere, nahiz eta Ibarretxeren gorputza distantzia ertainetik jotzea gakoa izan zitekeen», azaldu dute. Azkenean, galdakoztarra izan zen garaile.