Lanzadera Etxebarriko Metrora gerturatzeko eskaera egin dute Fekoor-ek eta Galdakaoko Udalak
Metroaren auzia
BINKE / 2020ko urria
Lanzadera Etxebarriko Metrora gerturatzeko eskaera egin dute Fekoor-ek eta Galdakaoko Udalak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Gutxitasun fisiko edo organikoak dituztenen beharrak asetzeko, lanzaderaren geralekua Etxebarrira eramateko eskatu dute gaur Fekoor-ek eta Galdakaoko Udalak.
Galdakaotik Bilboko Metrorako lanzadera gisa aritzen den A3932 autobus linearen geralekurik onena Etxebarriko intermodala da. Argi dute Galdakaoko Udalak eta Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileak (Fekoor). Egun erabiltzen den Boluetako geralekua ez da irisgarria, eta trabak besterik ez dizkie eragiten erabiltzaileei.
Hori dela eta, metroa Galdakaora iritsi bitartean lanzaderaren geralekua Etxebarrira eramateko eskatuz, adierazpen bateratua egin dute bi entitateek. Arduradunei erabiltzaile guztien beharrak asetzeko beharrezko erabakiak har ditzatela eskatu diete, eta hori lortu arte elkarlanean jarraitzeko prestutasuna adierazi dute.
Hona Galdakaoko alkateak eta alkateordeak, zein Fekoor-eko zuzendariak eta aholkulari juridikoak sinatutako adierazpen bateratua, hitzez hitz:
Galdakaoko Udalak eta Fekoor elkarteak honako hau jakinarazten dute, adierazpen bateratua eginda.
Udal korporazioko gobernu taldea harremanetan jarri da Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileko ordezkariekin (Fekoor), Galdakaotik metrorainoko zerbitzua ematen duen autobusaren zerbitzuari buruzko ikuspuntuak trukatzeko.
Aipatutako elkarteko ordezkaritzaren esanetan, A3932 linearen ibilbiderik onena Etxebarriko intermodalean amaitzen dena da, hainbat arrazoirengatik: irisgarria da eta arrapalak jartzeko aukerak ditu; itxaroteko gune egokitua du, eta estalia; eta kalitate, segurtasun eta zerbitzu baldintza onak ditu, Boluetako gaur egungo geltokiak ez bezala.
Fekoor elkartearen ustez, lanzadera erabiltzen duten pertsonen mugikortasunerako zerbitzuak ondoen biltzen dituen lekua Etxebarriko geltokia da. Hori dela eta, Fekoorrek eta Galdakaoko Udalak bat egiten dute metroa Galdakaora heldu bitartean lanzadera eginkizunak betetzen dituen autobusa Etxebarriko intermodalean gera dadila eskatzerakoan”.
Lanzadera lanak egiten dituen autobus lineako enpresa batzordeak ere otsailean egin zuen adierazpen bateratua zentzu berean, Galdakaoko Udalarekin. Enpresa batzordea osatzen duten sindikatu guztiek (ELA, UGT, USO eta LAB) sinatu zuten idazkian argudio hauek nabarmendu zituen geltokia Boluetatik Etxebarrira lekualdatu dezatela eskatzeko: Etxebarriko intermodalak dituen «sarbide ona, estalitako nasa, mugikortasun arazoak dituztenentzat irisgarritasun ona, segurtasuna erabiltzaileentzat zein langileentzat eta komunak».
Galdakaoko Udalak berretsi nahi du metroa Galdakaora iritsi bitartean lanzaderaren geltokia Etxebarrin egon dadin lortzeko beharrezko pausoak ematen jarraituko duela, eta horretarako instituzioekin, elkarteekin eta herritarrekin lanean ari dela.