Poloniako, Alemaniako eta Italiako ikasleak Galdakaon dira, Elexalde institutukoekin elkar trukean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Elexalde institutuko ikasleek Europako Erasmus+ programan parte hartzen dute eta honen baitan beste herrialde batzuetako ikasleekin elkar trukeak egiten dituzte. Egunotan Poloniako, Alemaniako eta Italiako hogei bat ikasle Galdakaon dira eta pasa den astelehenean Udalak harrera egin zien.
Beste herrialde batzuetako hizkuntza eta kultura ezagutzeko aukera dute Elexalde institutuko ikasleek, izan ere, Europako Erasmus+ programan parte hartzen dute. Elkar truke programa horren barruan, beste herri batzuetako ikasleekin lanketak egiten dituzte ingelesez, eta hartu eman zuzenak ere izaten dituzte.
Egunotan Poloniako, Alemaniako eta Italiako hogei bat ikasle dira zehazki Galdakaon, Elexaldeko ikasleekin batera. Pasa den zapatuan heldu ziren herrira eta astelehenean Udalak harrera egin zien. Galdakaoko udaletxean izan ziren Iñigo Hernando alkaterekin eta Asier Korta Hezkuntza zinegotziarekin.
Poloniako, Alemaniako eta Italiako ikasleek zein irakasleek herriari buruz eta ekologia zaintzeko neurriei buruz egindako galderei erantzun zien alkateak. Udaletxeko pleno aretoan aritu ziren solasaldian, ingelesez.
Solasaldiaren ondoren, argazkia egin dute elkarrekin ikasleek, irakasleek eta Udaleko ordezkariek.