Erdu Mizkatan: «Orokorrean Somerazale gehiegi daude gure kuadrilan»
Erdu Mizkatan kuadrila @erduhona
BINKE / 2020ko azaroa
«Orokorrean Somerazale gehiegi daude gure kuadrilan»
GALDERAK: Trabus kuadrila @trabusss
Noiz sortu zen zuen kuadrila? Eta nondik datorkizue izen hori? Betidanik elkar ezagutu izan dugu, baina hasiera batean neskak eta mutilak banatuta geunden. Egun batean, buruak klik egin zigun eta ordutik «tandem» perfektua gara; The Dream team. Bigarren galderari dagokionez, gure izenak ez dauka misterio handirik, kuadrila bakoitzaren izenaren nahasketa baita: Erdu hona eta Zizka-mizkatan.
Zuen kuadrila esaldi batean deskribatu beharko bazenute, zein erabiliko zenukete? Esaldi batekin baino, gure burua hainbat ezaugarrirekin deskribatuko genuke. Gutariko bakoitza oso xelebrea da bere baitan, eta guztiak elkartzen garenean oso talde «random»-a sortzen dugu.
Bidaiak egitea gustatzen zaizuela ikusi dugu. Bidaiaren bat egiteko Galdakaoko kuadrilaren bat aukeratu beharko bazenute, norekin joango zinatekete? Galdera hau oso zaila iruditu zaigu, Galdakaon hainbat kuadrila daudelako eta askoren artean zalantzak sortu zaizkigulako. Baina guztien artean kuadrila bat aukeratu beharko bagenu, kuadrilarik maitagarriena aukeratuko genuke: Pochetas.
Arau berriak direla eta tabernak itxita daudenez, nork botako du gehien faltan Somerako giroa? Orokorrean Somerazale gehiegi daude gure kuadrilan, beraz, ezinezkoa da pertsona bakar bat aukeratzea.
Nola ospatu zenituzten Galdakaoko jaiak? Datorren urteari begira nola uste duzue ospatuko ditugula? Kuadrila askok bezala, bazkari bat egin genuen. Eta bai, ostean Somerara joan ginen. Datorren urteari begira espero dugun gauza bakarra Santakurtzak askatasun osoz bizi ahal izatea da.
Zer falta izan zitzaizuen pasadan urteko kuadrila txapelketan Patxikuri irabazteko? Argi daukagu galdera honen erantzuna: azpikontratazioak edo fitxaketak egiteko diru gehiago. Horrela, gozo frijituen erregearen laguntza izango genuke, eta jaietako podiumean agian aldaketaren bat egongo litzateke.
Kuadrilako nori gustatzen zaio ligoteoa gehien? Gure kuadrilan jaiak eta saltseoak eskutik doazen bi kontzeptu dira. Gainera, Somera eta «La isla de las tentaciones» telesaila parekoak direla esan genezake.
Jaietako esperientziarik onena kontatu. Ezinezkoa litzateke bakarra aukeratzea, baina hurrengo istorioak duda barik onenetarikoak dira: gure Imanolen azken kontzertua, hagin hegalariak, txupinazoaren osteko parkineoa gure karrozarekin, txosnetako barraren gaineko azken dantzak…
Ba al duzue TikTokerrik kuadrilan? Bakarra, gure Nerecu maitia. Konfinamenduak kalte larregi egin diola uste dugu.
Egun batez kuadrila bat izan ahalko bazinate, zein aukeratuko zenukete? Dekantuz aukeratuko genuke oso kuadrila jatorra eta aktiboa delako, eta gainera, saltsetan ibiltzea guri bezain beste gustatzen zaielako.