Joseba Sarrionaindiak solasaldia eskaini zuen Andra Mari Lanbide Heziketa ikastetxean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko EH Bildu
Domekan, abenduak 3, Euskararen Eguna ospatu zen eta Andra Mari Lanbide Heziketako ikasleek bat egin zuten hitzorduarekin. Hainbat ekintza antolatu zituzten honen harira eta besteak beste, Joseba Sarrionaindia solasean ibili zen ikasleekin batera.
Euskararen Egunean hainbat ospakizun hartu zituen Galdakaok. Torrezabal Kultur Etxean ekitaldi nagusia antolatu zuten, zeinetan Izaskun Rekalde omendu zuten, euskararen alde egindako lanagatik. Hitzorduak hainbat lagun batu zituen eta emozioz beteriko saioa izan zen, BINKEk jaso zuen moduan.
Honetaz gain, beste hainbat ekintza antolatu ziren ere aurreko egunetan, eta baita hurrengoan. Andra Mari Lanbide Heziketako ikasleek atzo, abenduak 4, ospatu zuten Euskararen Eguna eta besteak beste, Joseba Sarrionaindiaren bisita jaso zuten. Ikasleek euskaltzale eta idazlearekin hausnarketak elkarnabatzeko aukera izan zuten.
Halaber, ohiko patata-tortilla lehiaketa antolatu zuten. Lehen saria Administrazio Kudeaketako ikasleentzat izan zen, bigarren saria Zibersegurtasuneko ikasleentzat eta hirugarrena Telekomunikazio eta Informatikakoentzat.