Euskal Trenbide Sareak hasi ditu Metroaren 5. linea eratzeko lanak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Metro Bilbao
Euskal Trenbide Sareak 231 milioi euroren truke esleitu zituen Metroaren 5. linearen hiru zatiak: Sarratu-Aperribai, Aperribai-Galdakao eta Galdakao-Ospitalea. Lehenengo bi zatien obrak hasi dituela jakinarazi du enpresak eta udaberrirako herritarrengan eragina izan ahal dutela adierazi du.
Pixkanaka-pixkanaka, aurrera doa Metroaren 5. linea eratzeko eta Galdakaora eta Usansolora heltzeko proiektua. Duela hilabete batzuk Metroaren 5. linearen hiru zatiak, Sarratu-Aperribai, Aperribai-Galdakao eta Galdakao-Ospitalea; 231 milioi euroren truke esleitu zituela jakinarazi zuen Euskal Trenbide Sareak.
Enpresak jakinarazi duenez, hasi ditu honezkero Sarratu-Aperribai eta Aperribai-Galdakao zatiak eratzeko lanak eta udaberrirako herritarrengan eragina izatea aurreikusi dute. Ospitalera arte helduko den zatiaren obrak ere hurrengo egunetan hasiko dituzte.
DEIA egunkariak adierazi duenez, kontratistek Azbarren inguruko obra-esparrua zedarritu duten lehen zatia da aurreratuena. Bertan jarri dituzte obrako etxolak, eta aste batzuk barru hasiko dira lehen makinaria sartzen.
Bigarren zatiari dagokionez, Aperribai eta Galdakao artekoa, hau eraikiko duten enpresak Galdakaoko Udalarekin hitz egiten ari dira une honetan, metroa lur azpitik igaroko den tunela egingo duten puntu zehatza lotzeko eta kamioiak lurrarekin kargatuta ateratzeko.
Olabarrieta eta Abusu auzoetako obrek eragindako zerbitzuak ere alderatzen ari dira, eraikuntza-proiektuan jasotakoak baino lurpeko sare gehiago atzeman baitira.