Kantu Kolore talde galdakoztarrak agur esango du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Kantu Kolore
Sare sozialen bitartez iragarri duenez, Kantu Kolore talde galdakoztarrak agur esango du. Zazpi urteko ibilbidean kantu ezagunak utzi ditu talde honek, bereziki haurren artean.
Zazpi urteko ibilbidearen ostean, haur eta gaztetxoen artean oso ezaguna den Kantu Kolore musika taldeak agur esango du. Sare sozialen bitartez eman dute horren berri eman dute urtarrilaren 15ean eta ondorioz taldearekin harremanetan jarri da BINKE.
Arrazoi pertsonalak tarteko, hala adierazi diote hedabide honi taldetik: «Ziklo honi amaiera emon eta barri bati ekingo deutsagu taldeko kide gehienok». Horrela ba, hezkuntzari lotuta, haurrentzako kantuak sortzen jarraituko dute euretako askok.
Kantu Kolore taldeak oihartzun handiko kantuak sortu izan ditu, hala nola, ‘Nire gorputza da’, ‘Zapia’, ‘Gure animaliak’, ‘Esna zaitez’ eta ‘Batu, batu’ abestiak. Youtuben esaterako, lehenengo kantuak ia bi milioi eta erdi ikustaldia ditu honezkero, eta aipatutako bigarrenak, ia bi milioi.
Azken urteetan asko izan dira Galdakaon eta Usansolon taldearekin gozatzeko aukerak, izan herriko jaietan zein Torrezabal Kultur Etxeko egitarauan. Ordea, orain zazpi urte hasi zen taldeak behin betiko agurra iragarri du.