Oinezkoek errepidea gurutzatu ahal izateko semaforoa jarriko dute Artolan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Oinezkoek errepidea gurutzatu ahal izateko helburuz, semaforo bidezko pasabidea jarriko dute Artolan. Autobus geltokia dagoen lekuan ezarriko da pasabidea, Artolaerrotea baserriaren ondoan, Artola kaleko 23. zenbakian.
Artola inguruko auzokideek eta landa eremu honetan lan egiten dutenek sarritan gurutzatu behar dute BI-737 errepidea. Galdakaoko Udalaren esanetan «trafiko handikoa, abiadura bizikoa eta arriskutsua da» eta horregatik, eta auzokideek urteetan zehar egindako eskaera bati erantzunez, semaforo bidezko pasabidea jarriko dute errepide honetan.
Zehazki, autobus geltokia dagoen gunean sortuko da pasabidea, Artolaerrotea baserriaren ondoan, Artola kaleko 23. zenbakian. Zebrabidea izango du eta baita semaforoa ere, oinezkoen eskariz soilik aldatuko dena.
Bestalde, markesinak jarriko dira norabide bakoitzerako dagoen autobus geltoki banatan. Izan ere, «errepide ondoan inolako estalpe ez babesgunerik ez dagoen tokian daude geltokiak ere».
Udalak 250.000 euroko inbertsioa egin du lan horiek egin ahal izateko.